Voxek Loiolako kuarteletan egindako adierazpena "probokazioa" dela uste dute EH Bilduk eta Elkarrekin Donostiak
Gaur, uztailak 18, Vox alderdi ultraeskuindarrak Loiolako kuartelen aurrean egin behar duen ekitaldia dela eta, udal adierazpena egiteko proposamena egin dute EH Bilduk eta Elkarrekin Donostiak.
Uztailaren 18an Loiolako kuarteletik abiatu zen 36ko gerra, hiru urteko gerrari eta 40 urteko frankismoari hasiera ematen. “Probokaziotzat” jo dute Voxek bertan agerraldia egitea. Loiolako kuartelak donostiarrentzat berreskuratzen lanean jarraitzeko konpromisoan lanean jarrituko dutela berresten da adierazpenean.
Hona hemen proposatu den adierazpena osorik:
1. Donostiako Udaleko osoko bilkurak probokaziotzat jotzen du eta arbuiatzen du gaur, uztailak 18, ehunka donostiarren heriotza, exilioa eta sufrimendua eragin zuen altxamendu frankistaren urteurrenean, VOX alderdi ultraeskuindarrak Loiolako kuartelen aurrean ekitaldia egitea (gogorarazi behar da kuartel horietatik abiatu zirela, 1936ko uztailean, Donostiaren kontrola eskuratu nahi zuten militarrak eta donostiarrek aurre egin zietela eta lortu zutela matxinatuen saioa geldiaraztea).
2. Probokazioa are nabarmenagoa da, Loiolako kuartelak donostiarren esku gera ez daitezen lanean ari delako VOX, donostiarren eta Donostiako Udalaren interesen kontra; izan ere, espazio horren berreskurapena Donostiako Udaleko osoko bilkura osatzen duten talde guztien eta, oro har, Donostiako herritarren eskaera partekatua da.
3. Donostiako Udaleko osoko bilkurak berretsi egiten du memoria historikoarekiko, antifaxismoarekiko, bake balioekiko eta donostiarren interesen defentsarekiko konpromisoa.
4. Donostiako Udaleko osoko bilkurak berretsi egiten du Loiolako kuartelak donostiarrentzat berreskuratzeko lanean jarraituko duela.