Herrera pasealekua hobetzeko proiektuaren aurrekontua igo dute

Donostiako Udalak Altzako Herrera pasealekuko zati bat hobetzeko lanak egingo zituela iragarri zuen iragan martxoan. Zehazki, 49. eta 71. zenbakien eta Harria parkearen artean dagoen eremua aldatuko dute, ingurune horretako irisgarritasuna bermatzeko. 341.656 euroko lizitazio aurrekontua zehaztu zuten, baina gaur kostua handitzea onartu dute. 395.500 eurokoa da aurrekontu berria. Proiektua Alvaro Garcia Gonzalezek idatzi du.
Horretarako, parkearen hormaren eta pasealekuko aparkalekuaren artean dagoen espaloia kendu eta etxebizitzetatik hurbilen dagoen eremura eramango dute. Horma berri bat eraikiko dute bideak zabalera nahikoa eta homogeneoa izan dezan. Zabalera horretan espaloiak bi metro izango ditu, zirkulazio erreiek 2,75 metro eta aparkalekuak bost metro.