Abuztu hasieran amaituko dituzte Iztueta pasabideko lanak

Iztuetako lanak amaiera fasean sartu dira dagoeneko. Trenbidearen gaineko biaduktua kendu eta galtzadaren kota jaitsi ondoren, inguruaren urbanizazioa amaitzeko unea iritsi da. Duñike Agirrezabalaga Hiri Proiektuetako zinegotziaren aurreikuspenen arabera, lan horiek “bizpahiru aste barru” amaituko dira. Aurreikuspen horiekin, Erdialdea, Egia eta Gros lotzeko eremu horren aurpegi berria errealitate izango da abuztuaren lehen hamabostaldian.
PSE-EEko ordezkariak azaldu duenez, lanek uste baino erritmo motelagoan egiten dute aurrera, eta egunotan hainbat eremu zolatzen saiatzen ari dira, hala nola epaitegien alboa edo zubi zaharraren azpiko oinezkoen pasabidea, Iztueta kaleari jarraipena ematen diona.
Baldosa berriak jarri ondoren, farolak jarri beharko dira, eta, azken unean, hiri altzarien elementuak, hala nola bankuak edo paperontziak. Zuhaitzak landatzen hasi dira zenbait tokitan.