Udalak kautela neurri gisa etengo du Arriola pasealekuan aterpetxea egiteko lan baimena
Azterketa topografikoaren emaitza ikusita, udalak ziurtatu du baimena lortzeko emandako datuek ez dutela errealitatearekin bat egiten.
Antiguako Arriola pasealekuan egiten ari diren aterpetxearen lanak kautela neurri gisa etengo ditu Donostiako Udalak. Bizilagunek udalak emandako baimenari helegitea aurkeztu zioten, eta udalak kanpoko enpresa bati eskatu zion azterketa topografiko bat egiteko. Hain zuzen ere, egindako lanak eta obra handietarako baimena lortzeko aurkeztutako planoak eta dokumentazioak bat egiten zuten egiaztatzeko eskatu zuten azterketa hori.
Azterketa topografikoaren emaitza ikusita, eta egiaztatuta sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioa, udalak ziurtatu du baimena lortzeko emandako datuek ez dutela errealitatearekin bat egiten. Gainera, frogatu dute lokala ez dagoela beheko solairuan, eta, horrela, ez ditu ostatu erabilera emateko baldintzak betetzen.
Horiek horrela, udalak ez du bizilagunek aurkezturiko helegitearen kontra egingo. Erabaki hori datorren asteko Tokiko Gobernu Batzordean onartuko dute. Bitartean, kontuan hartuta helegitea ebatzi bitartean lanek konpondu ezingo liratekeen eraginak sor ditzaketela, lanak egiteko baimena kautela neurri gisa etengo dute.