Igande eta jaiegunetan dendak ez irekitzeko eskatu dute ehungintzako langileek
ELA sindikatuak deituta, bi eguneko grebari hasiera eman diote Gipuzkoako ehungintza sektoreko langileek. Donostian protesta jendetsua egin dute.
Lan baldintzak hobetzeko hitzarmenaren alde ari dira borrokan ehungintzako langileak, eta ELAk adierazi duenez, lehen greba eguna “arrakastatsua” izaten ari da. Garbera, Urbil eta San Martin merkataritza zentroetan eta Irungo hainbat saltokiren aurrean egin dute protesta.
Ekintza esanguratsuena San Martin merkataritza gunearen alboan egin dute. Langileek “merkataritza igandeetan eguzkitan” irudikatu dute hondartzara eraman ohi diren toalla eta abarrekin. Igande eta jaiegunetan dendak ez irekitzea eskatu du. “Patronalak jakinarazi du ez duela jasoko igandeetan merkataritzan lan egiteko debekua, nahiz eta jada jasota egon eta bere garaian inpugnatu eta estatutuz kanpokotzat jo zen 2010-1018 hitzarmenean”, azaldu du ELAk.
Ehungintzako sektorean bi kolektibo desberdin daude. Langile batzuei 2006-2009ko hitzarmena aplikatzen diete, eta orduz geroztik soldata izoztuta daukate. Beste langile batzuei, berriz, 2010-2018ko hitzarmena aplikatzen zaie –1.000 langile inguru dira–. “Ehungintzako egoerak nabarmen egin du okerrera azken urteotan, eta sektorearentzat egoera hori jasanezina da. Negoziazioak 2021aren amaieran hasi ziren, eta orain arte egindako bileretan patronalak ez du proposamena aldatu. Hau da, langileen erosahalmena galtzea proposatzen du, eta ez du sektorearen aldarrikapenetako bat bera ere jasotzen”.
#ehunarenmerkataritzamartxan #ELAFeminista pic.twitter.com/CfibtNHyWU
— ELA Donostia (@ELAdonostia) July 21, 2022
Sektore feminizatua
Ehungintza sektore feminizatua da, eta kontratu partzialen zein digitalizazioaren ondorioak jasaten ditu. “Horri irtenbidea eman behar zaio. 2.000 langile baino gehiagoren baldintzak hobetzeko unea da, haien lan baldintzek egunetik egunera okerrera egiten baitute. Horregatik guztiagatik, ELA sindikatuak Merkataritza Federazioari eta ADEGI patronalari eskatzen dio aurkeztu dezala uztailaren 27an egingo den bileran langile horien lan baldintzak nabarmen hobetuko dituen proposamena”.
Bihar berriz ere kalera aterako dira langileak, eta merkataritza zentroetan protesta informatiboak egingo dituzte.