"Kalapie erreferentea da hiriko mugikortasunari dagokionez. Ordea, udalak ez du gure iritzia aintzat hartu nahi"
Donostiako Udalak harremana eten du Kalapie Hiriko Txirrindularien Elkartearekin. Hori dela eta, hedabide honek elkarteko hiru kide elkarrizketatu ditu.
Pasa den astean ohar baten bidez jakinarazi zuten albistea. Hemezortzi urteren ondoren, Donostiako Bizikletaren Behatokiaren izena eta egitura aldatzea erabaki du udalak. Mugikortasun Aktiboaren Ikuspegia izango da hemendik aurrera, eta Kalapie behatoki berri horretatik kanpo utzi dute, elkarteari arrazoirik eman gabe. Horren inguruan hitz egiteko, eta elkartearen 32 urteko ibilbidea errepasatzeko, IRUTXULOKO HITZAk Gorka Hoyos presidentea, eta Iñigo Ansa eta Xabier Ruiz elkarteko kideak elkarrizketatu ditu. Bihar osorik irakurri ahal izango da.
Hona hemen aurrerapena:
Zergatik eten da orain udalaren eta zuen arteko harremana?
Iñigo Ansa: Argi daukagu. Azken hilabeteotan, Mugikortasun Saila desagertu egin da, eta gurekin harremana eten dute. Pare bat bilera lortu genituen, hainbatetan eskatu ostean. Bilera horietan askotariko gaiak jorratu genituen normaltasunarekin. Aldiz, Bizikletaren Behatokia berreraikitzeko ideiarekin beste bilera batzuk eskatu genituen, eta atzera bota zituzten. Nire ustez, ez dute gustuko izan gure kritikotasuna. Gure ikuspuntu teknikoa ez dute aurreikusi, eta jaso izan dituzten gure kritikak ez dituzte gustuko izan, eta albo batera utzi gaituzte.
Gorka Hoyos: Gure lankidetza serio hartuko balute, beste era bateko erabakiak hartuko lituzkete. Badakigu nola eraiki behar diren bidegorriak. Zabaleraren inguruan, badakigu Loiolako zeharbidean bidegorri zabalago bat egin zezaketela. Horrela, segurtasuna hobeto bermatuko litzateke. Dena dela, beraiek bakarrik egin nahi dute dena, besteen iritziak aintzat hartu gabe. Autoen mugikortasuna da bermatu eta sustatu dutena. Loiolako zeharbidean bi errei jartzea oso egokia izan zitekeen. Gainera, lanek urtebete iraun zuten, eta bi erreirekin ez zen arazorik egon. Horrela ere, azkenean hiru errei egitea erabaki zuten.
Beraz, Mugikortasun Sailak ez ditu kritikak onartzen?
G.H.: Argi dago ezetz. Eskatu izan digute euren erabakiak babesteko eta errespetatzeko. Guk babestuko ditugu, beti ere guk parte hartu badugu erabakietan. Aldiz, udalak bere kabuz egindako proiektu bat bada, eta akatsak dituela iruditzen bazaigu, logikoa da guk ez babestea.
Aurrerantzean, Cristina Enea Fundazioa soilik arduratuko da behatoki berriaz. Mugikortasun Aktiboaren Ikuspegia izena jarri diote. Orain nola eragiten jarraitzeko asmoa du Kalapiek?
Xabier Ruiz: Gure asmoa da hilabetero prentsa ohar bat ateratzea, mugikortasun gaien inguruko iritzia emateko. Izan ere, udalaren mugikortasun proiektuetan akats asko ikusten ditugu. Ez dakigu teknikariak oso lanpetuak dauden, baina agerikoak dira akatsak. Oso maiz hartu izan dugu ardura akatsak detektatu eta jakinarazteko, garaiz konpondu ahal izateko. Proposamen teknikoak egiten dizkiogu udalari. Dena dela, udalak ez digu proiekturik pasatzen. Lehenik, proiekturen bat lantzen ari direla jakin behar dugu, eta gero Udalinfora joan ohi gara proiektuen dokumentuak eskatzera. Askotan, beranduegi izaten da. Halere, gure ekarpenak egiten eta akatsak seinalatzen jarraitzeko asmoa dugu.