Sareren bosgarren bizikleta martxa Donostian bukatuko da
Bihartik igandera Bizikleta itzulia egingo du Sare herritarrak. Etxera bidea gertu lelopean egingo dute, eta hiru etapa izango ditu. Azken bi urtetan ezin izan dute antolatu pandemiaren eraginez, baina aurten egin ahal izango dute bosgarren bizikleta martxa.
Etxarrin (Nafarroa) abiatuko da bihar, eta Durangoraino (Bizkaia) joango da, Arabatik pasata. Etzi, berriz, Durangotik Azpeitira (Gipuzkoa) egingo dute bidea. Azkenik, igandean, etapa laburrena egingo dute Azpeititik Donostiara. Izan ere, Gipuzkoako hiriburuan bukatuko da Sareren itzulia. Antiguako anbulatorio parean 11:30ean geratu dira, ibilbidea elkarrekin egiteko. Bukatzeko, ekitaldi bat egingo dute, eta luntxa jarriko dute hurbiltzen diren guztientzat.
Martxaz gain, udan hainbat mobilizazio egingo ditu Sarek euskal hiriburuetan. Donostiako manifestazioa abuztuaren 20an izango da, eta 12:30ean abiatuko da Bulebarretik.