Zibereraso jarraitu eta antolatua jasan du 'Argia'-k
Igande gauetik Argia eraso informatiko bat jasaten ari dela salatu du astekariak: “Milaka eskari jasotzen ari da gure zerbitzaria, webgunea botatzeraino. Gure informatikariak buru-belarri ari dira erasoari aurre egin nahian, guk herritarrak informatzeko, eta herritarrek informatuak izateko eskubidea bermatzeko ahaleginean”.
Igandeko 22:11tik, webgunea DDoS edo Zerbitzu Ukapenaren Eraso banatu baten biktima dela azaldu dute. Hau da, IP helbide ugaritatik eta bot-ak erabiliz, informazio eskaerarekin zerbitzaria saturatzea.
Azaldu dutenez, igande gauean bertan ohartu ziren zerbait ez zihoala ongi, eta arazo teknikoak zirela pentsatu zuten: “Astelehen goiz osoan ezin izan genituen informazioak publikatu eta arratsalde erdialdean une batez webgunea berrezarri eta prest genituen albisteak argitaratu bagenituen ere, berriro erori zen webgunea”. Asteazken arte iraun dute webgunean gorabeherek, azaldu dutenez.
Kazetaritza independentearen aurka
Argia ez da halako erasoak jasan dituen hedabide bakarra. Orain urte erdi bat Espainiako hedabide independente ugarik antzeko erasoak jasan zituzten eta beren webguneak saturatu zituzten. ARGIA-k egiletza baieztatu ezin izan duen arren, Espainiako eskuin muturrarekin izan dezakeen loturaz ohartarazi du: “Eraso hori azaroaren 20aren bezperan hasi zen, Franco hil zen egunaren aurreko gauean. Oraingo gure erasoa uztailaren 18aren bezperan hasi da, Espainiako faxismoak estatu kolpea eman zuen eguna, egun seinalatua Espainiako eskuin muturrarentzat. Halere, orain arte daukagun informazioarekin ezin da baieztatu horrekin dagoenik lotuta erasoa”.
Argia lanean ari da oraindik, erasoari aurre egin eta webgunea zutik mantentzen. Ohartarazi dute balitekeela egunotan oraindik arazoak izatea webgunean sartzean.
Argia-k kazetaritza independentean jarraitzeko, eta herritarrak informatzeko duten eskubidea bermatzeko lanean arraituko duela adierazi du: “Argia-ren aurkako zibererasoa informazio eskubidearen aurkako erasoa da, eta beraz, denon askatasunaren aurkako erasoa”.
IRUTXULOKO HITZA-ko lantaldeak elkartasuna adierazi nahi dio Argia-ri, eta hedabide independenteen lana babesteko deia egiten du. Espero du kazetariek euren jardunarekin ahal bezain laster jarraitu ahal izatea.