Antigua: turismoz gainezka egingo duen auzoa
Kokoteraino daude Heriz pasealekuko bizilagunak. Eta kokoteraino Arriola pasealekukoak. Aspaldi da Antigua auzo turistikoa dela, baina azken urteotan ugaritzen ari dira hotel eta aterpetxeak, honek dakartzan bizikidetza arazoekin.
“Etxe aurrean eduki arte, ez zara konturatzen zer den hau”, dio Marije Manterolak. “Egunak joan, egunak etorri, zarata izugarria da. Ezin dugu leihoak ireki ere egin”.
Heriz pasealekuko bizilagunak dira Marije Manterola Iribar (Antigua, 1966) eta Olga Ibañez Sole (Antigua, 1993), eta urteak daramatzate kale horretako Koisi aterpetxearekin gatazkan, Herizko bizilagunak plataformaren bitartez.
Ia 300 lagunentzako aterpetxe bat da Koisi, eta orokorrean parranda giroan dabiltzan turistak gerturatzen direla kontatu dute, “horrek dakarren zaratarekin”.
Duela aste gutxi, sarean bolo-bolo ibili zen bizilagun batek grabatu zuen bideoa. Bertan, aste barruan, hainbat turista ageri dira, parrandatik bueltan, zarata handia eginez. “Auzo hau beti izan da auzo lasaia, eta orain jasanezina da egoera hau”, dio Manterolak.
Kontatzen dutenez, duela bost bat urte hasi ziren Koisi hostalarekin arazoak, zaratak zirela eta. Jabeek ezer egiten ez zutela ikusirik udalarengana jo zuten, “behin eta berriz”.
“Kexa bat bestearen atzetik jartzen genuen, baina ez udalak, ezta udaltzainek ere, ez zuten apenas ezer egiten. Udalak ez zigun batere lagundu”. Asteetan zehar ia egunero joaten ziren udaletxera, “batekin eta bestearekin hitz egitera”, eta horrela jakin zuten taberna edukitzeko baimenik ez zuela Koisik.
Hasiera batean insonorizatu egin bazuten ere, taberna itxi behar izan dute, han egiten ari zirena “ilegala” zelako. Berriro errepikatzen dute: “Gu izan ginen baimen haren jarraipena egin zutenak, eta ez udala”.
60 dezibeliotik gora
Edonola ere, terraza erabiltzen jarraitzen dutela diote bizilagunek, eta zaratek ez dute etenik: “Guk udalari bermeak eskatzen dizkiogu auzotarren isiltasuna errespeta dadin”.
Aterpetxeak ardura duela uste dute Manterolak eta Ibañezek: “Aterpetxetik kanpo gertatzen denaz ez dira arduratzen”. Manterolak kontatu du, talde handiak etorri izan direnean, haiengana gerturatu izan dela “auzo lasaia dela esatera, eta errespetua eskatzera”. Askotan aurpegira barre egin diotela kontatu du: “Hemen hotel bat dago eta izorratu zaitez, esan izan didate. Ez, barkatu, gu hotela baino lehenago gaude hemen”.
“Mojek ilegalki ireki zuten terraza hori, eta buila guztia gure etxeetara etortzen da. 37 da dezibelio muga egunez, eta 27 gauez. Gure etxean 63 neurtzera iritsi dira udaltzainak, eta momentu zaratatsuagoak izan dira”, kontatu du Manterolak.
Ibañezek gaineratu duenez, arazoa ez da soilik zarata: “Auzo eredua dago jokoan. Ikusi zer gertatu den Parte Zaharrean: izozki eta oroigarri dendak, ez dago besterik. Martxa honetan Matian ere zuritoak 3,5 euro balioko du”.
Ostatuen eskaintza %40 hazi da
Hain zuzen, ostatu turistikoen oldeak Antiguan izango duen eraginaz ohartarazi dute EH Bilduk eta bizilagun taldeek. Izan ere, bi aterpetxe berri irekiko dituzte epe laburrean: euren webguneetan uda honetarako irekiera iragartzen ari dira, bai ROOM007 Premium Matia kaleko 18. zenbakian (302 plaza) eta bai Basque Urban Hostel Arriola pasealekuan (220 plaza).
EH Bilduk ohartarazi duenez, etxebizitza turistikoak eta beste ostatu mota batzuk alde batera utzita, orain arte, Antigua auzoan 1.300 bat plaza zeuden hotelen eta aterpetxeen artean, baina, bi irekiera berri horiekin, eskaintza hori %40 handituko da uda honetan: “Hazkunde neurrigabe hori nekez jasan daiteke Antiguan”.Horrelako jarduera batek auzokoen lasaitasunean izan dezakeen eragina “begi-bistakoa” da.
Arriola, gatazken iturri
Arriolan egingo den aterpetxeak egundoko liskarrak sortu ditu auzotarrekin azken asteotan. Hainbat bizilagunek IRUTXULOKO HITZA-ri kontatu diotenez, “legez kanpoko” hainbat lan egiten ari da Liderko Hostel enpresa, Antiguako Arriola pasealekuko ostatua egiteko lanak direla eta. Zehazki, pasabide komun batean jarritako ateak ekarri du azken gatazka. Hedabide honi helarazitako bideoan ikus daiteke nola botatzen duten atea behera hainbat langilek.
Honela kontatu du bizilagunak: “Hiru aldiz eraiki dugu atea. Aterpetxekoek bertan larrialdietako irteera ate bat jarri nahi dute, baina pasabide hau ez da aterpetxearena, bizilagunena baizik. Beraz, guk, gure atea jarri dugu bertan, udalak emandako lizentziarekin”.
Bada, hirugarrenez bota dute atea eraikuntza enpresakoek, bideoan argi ikus daitekeenez: “Oso modu harroan etorri izan dira eta kalez jantzitako langileekin, ezagutu ez genitzan”. Hau da lehen aldia bideoa grabatzen dutena: “Guk argi dugu ezin dela 240 laguneko hostal baten larrialdi irteera gure atarira bideratu. Hainbeste jendek gure portalera sarbidea edukitzeak arazo mordoa ekarriko luke”.
Bertan behera geratu dira Arriolako lanak
Hain zuzen, Arriola pasealekuan egiten ari diren aterpetxearen lanak kautela neurri gisa etetea erabaki du Donostiako Udalak, astekari honen edizio hau ixtear zenean. Bizilagunek udalak emandako baimenari helegitea aurkeztu zioten, eta udalak kanpoko enpresa bati eskatu zion azterketa topografiko bat egiteko. Hain zuzen ere, egindako lanak eta obra handietarako baimena lortzeko aurkeztutako planoak eta dokumentazioak bat egiten zuten egiaztatzeko eskatu zuten azterketa hori.
Azterketa topografikoaren emaitza ikusita, eta egiaztatuta sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioa, udalak ziurtatu du baimena lortzeko emandako datuek ez dutela errealitatearekin bat egiten. Gainera, frogatu dute lokala ez dagoela beheko solairuan, eta, horrela, ez ditu ostatu erabilera emateko baldintzak betetzen.
Horiek horrela, udalak ez du bizilagunek aurkezturiko helegitearen kontra egingo. Erabaki hori datorren asteko Tokiko Gobernu Batzordean onartuko dute. Bitartean, kontuan izanda helegitea ebatzi bitartean litekeena dela ondorio konponezinak eragitea, kautela neurri gisa etengo dute lanak egiteko baimena.