Euskararik ez duten seinaleak
Hiriko kaleak aztoratuta daude. 180 graduko norabide aldaketa izan dute, itxita edota zulatuta daude, bidegorri bihurtu dituzte… Beste kale batzuek, aldiz, ez dute aldaketarik izan. Seinale berriak jarri bai, baina gaztelera hutsean. Nabarmena izan da azken urteetan turismoari begira merkataritzan eta ostalaritzan bereziki, karteletan, menuetan edo mezuetan hizkuntza ezberdinak topatzea eta euskararen arrastorik ez aurkitzea.
Bada, Donostiako erdialdeko seinale batzuek ere ez dakite euskaraz. Hiriaren antolamenduan egiten ari diren aldaketek trafiko seinaleen hizkuntza paisaian ere eragin dute. Artzain Ona Buen Pastor bilakatu da eta San Martini tildea gehitu diote. Berriro ere, gure hizkuntza eskubideak urratu eta ikusezin bilakatu dizkigute Donostia euskararen hiriburuan. Herritarrak animatzen ditugu horrelako kasuetan Hizkuntzen Behatokian eta udaletxean salaketa
jartzera.
Donostiako hizkuntza paisaian ikusten ditugun hizkuntzarekiko urraketak zein zoriontzeak argazki baten bidez zabaldu nahi ditugu. Parte hartu nahi? Deigarri egiten zaizuen horri argazkia atera eta bagera@bagera.eus helbidera bidali.