Lidergoa mantentzeko hirugarren banderaren bila joango dira
Euskotren ligak atseden hartuko badu ere, Donostiarrak jardunaldi bikoitza izango du Euskolabel ligan, Bizkaiko uretan.
Denboraldia hasi berritan, bi bandera eskuratu ditu Donostiarrak Euskolabel ligan. Donostiakoa berezia izan zen, baina jakin badakite zein garrantzitsua da Zierbenan pasa den asteburuan astinduriko bigarrena. Sailkapen nagusiko buruan daude, eta, orain, irauteko orain arte bezain ongi jarraitu beharko dute arraunean.
Bihar, Sestaon izango dute estropada 18:13etik aurrera. Etzi, berriz, Santurtzin ariko dira 12:13ean hasita. 66 punturekin sailkapeneko liderrak dira, eta bi puntu gutxiago ditu Hondarribiak, bost gutxiago Urdaibaik eta sei gutxiago Oriok. Lau traineru horiek dira estropadetan mailarik onena eman dutenak. Hau da, ohorezko txandan egonkortzen ari direnak. Horiek zaindu beharko ditu Donostiarrak, eta onenen txandan dena eman.
KAE 2 ligan estropada bakarra izango du asteburuan Donostiarraren bigarren taldeak. Bihar izango da 17:00etan, Pasaiako uretan. Sailkapeneko bigarren postuan daude, Lapurdi liderrarengatik zertxobait urrun. Donostiarrek 34 puntu dituzte, eta lapurtarrek 45.