Soka eman eta jaso, eskalada segurtatzeko
Eskaladak mundu mailan bizi duen gorakadak izan du oihartzuna gurean ere. Aire zabaleko planak egiteko aukerak, inklusiorako duen gaitasunak edota deskonexiorakoak erakarrita lotu zaio jendea kirolari, baina zenbait ezaugarriren transmisioan soka eteteko arriskua egon badago.

Ukaezina da: eskalatzea modan dago. Badira zenbait urte kirol horren praktikak gora egin duela, eta urtetik urtera hazten doan kopurua da. Joshka Natke Miguez Pio Baroja kiroldegiko rokodromoko arduradunetako bat da, eta uste du sekulako booma izan dela: «Olinpiar Jokoek eragin handia izan dute, baina lehenagotik ere bazetorren gorakada hori. Esango nuke 2014. edo 2015. urtetik hasi zela nabarmen gora egiten. Batez ere, nik uste dut eskalada urbanoa areagotu dela: boulderra». Normalean, barruan praktikatzen den modalitatea da boulderra, segurtasun-neurri askorik behar ez duena: erorikoak arintzeko koltxoneta bat baino ez.
Orain dela gutxi arte, Pio Baroja kiroldegia zen barruko eskalada praktikatzeko Donostian zegoen aukera bakarra. Badira urte batzuk, ordea, Martutenen, 27 Industrialdean, beste rokodromo bat ireki zutela: The Factory Boulder. Unai Lertxundi Nieto da arduradunetako bat: «Gu beti izan gara eskalatzaileak, eta ikusi genuen Donostian gabezia moduko bat zegoela. Europatik eta Espainiako Estatutik bidaiatzen ginenean, hiri guztietan zegoen rokodromo bat. Donostian, ordea, rokodromo bakarra zegoen, eta erakunde publiko batek kudeatzen zuen. Orduan, egun batean nire anaiak rokodromo bat irekitzeko ideia bat zuela aipatu zidan. Niri lehen momentutik oso ideia ona iruditu zitzaidan, eta ideia horretatik abiatuz hasi ginen proiektuari forma ematen».
Proiektu gaztea izanagatik, jendearen harrera «oso ona» izan dela azpimarratu du Lertxundik. Pentsa, espazioa hiru aldiz moldatu behar izan dute: «Hasieran beste leku batean geunden, eta ondoko pabiloia hartu behar izan genuen, hasierakoa txiki geratzen zitzaigulako. Hiru urte eta erdi egon gara bertan, eta orain dela gutxi berriro nabaritu genuen alternatiba handiago baten beharra, eta orain gauden pabiloi hauetara egin genuen aldaketa guztia, eta beste zati berri bat gehitu diogu». Eurek ere nabaritu dute jendearen interesa igo dela, azken lau urteetan, bereziki. Pandemiak, euren kasuan, mesede egin diela ere aitortu du, rokodromoa «arnasgune» bat zelako.

Joshka Natke, Pio Baroja kiroldegiko rokodromoko arduradunetako bat. (Argazkia: Aitor Odriozola Zubillaga)
Adin eta behar guztietarako
Eskaintza handitzeak dibertsifikazioa dakar. Pio Barojan «modu librean entrenatzeko pareta funtzional bat» eskaintzen dute. Beste era batera esanda, heldulekuz beteriko paretak daude. Bertan, zailtasunaren araberako ibilbide batzuk planteatzen dira, baina bestelako bideak egin nahi dituenak ere hori egiteko aukera dauka.
Martutenen, aldiz, «leku dinamiko bat» eskaintzen saiatzen dira, lehiaketa estilora gehiago gerturatzen dena. Ibilbideak astero aldatzen dituzte, eta kalitatea dute oinarri. Daukaten lan kargaren arabera, ekitaldiak antolatzen ere saiatzen dira: kontzertuak, hitzaldiak… Eskalatzeko leku bat ez ezik, «topagune» ere izan nahi dute.
Biek urtero antolatzen dute, besteak beste, arrakasta handia izan ohi duen txapelketa bana. Lertxundi: «Jendeak oso ondo pasatzen du. Guretzat lan handia da, baina urtean zehar etortzen den jendeari eskerrak emateko modu bat ere bada». Natkek Pio Barojako txapelketa «oso herrikoia» dela azpimarratu nahi izan du, hasiberriek zein esperientzia dutenek gozatzeko modukoa.
Eskalatzen hasteko, bi rokodromoetan eskaintzen dituzten ikastaroetan izen-ematea izan liteke aukera egokiena. Pio Barojan, adibidez, ohituta daude profil horretako jendearekin lan egiten, baina baita kontrako profilarekin ere: «Hemen bi muturrak daudela esan genezake. Alde batetik, hasiberri asko dago: kirola lehenengoz probatu nahi duen jendea, ikasi nahi duena, arroka inoiz ukitu ez duen jendea. Eta, bestetik, kontrakoak ere badaude: eskalatzen urteak daramatzan jendea, arrokan eta mendian asko ibiltzen dena, eta eguraldi txarra egiten duenean eta astean zehar sasoia mantentzeko toki bat behar duena». Bi profilen arteko nahasketak giro «oso polita» sortzen duela uste du: «Agian ez dirudi, baina eskalada beti izan da oso kirol inklusiboa. Arrokan zein rokodromoan, zailtasunen bat baldin baduzu, beti dago jendea laguntzeko prest. Hasiberri bat dagoenean, askotan gerturatzen zaio eskalatzaile beterano bat laguntzera».
The Factory Boulder-en, ordea, adinari eta generoari erreparatu nahi izan diote: «Denetik etortzen da: oso gaztetxoetatik hasita, gazteak, eta baita helduagoa den jendea ere. Eta arreta ematen diguna da emakume eta gizonen arteko parekidetasuna dagoela, eta horrek asko pozten gaitu». Bakoitza bere dohainekin, baina maila berean lehiatzen dira: «Normalean, gizonezkoak indarra gehiago erabiltzen du, baina emakumezkoak agian koordinazio gehiago dauka edo gauza batzuk errazago ikusten ditu. Orduan, gauza batzuetan gizonezkoak hobeak izango dira, eta, besteetan, emakumezkoak». Bertan daukaten giroari buruz, Lertxundik dio «oso ona» dela, jendea ongi pasatzera joaten baita, lanak eta kezkak albo batera utzita, eta horrek asko errazten duela beraien lana.

Unai Lertxundi Nieto, Martuteneko Factory Boulderreko arduradunetako bat. (Argazkia: Aitor Odriozola Zubillaga)
Bakarkako kirol inklusiboa
Baina, zerk erakartzen du jendea? Hainbat faktorek eragiten dute, Natkeren arabera: espazio naturalean plan oso bat egiteko aukera ematen duela, lehiaketako kiroletatik aldentzeko aukera edota guztiz deskonektatzeko aukera. Lertxundik norbere buruaren aurka aritzeak dakarren xarma azpimarratu du. Hain zuzen, hori bera aipatzen du Eider Etxebeste Agirrek ere. Eskalatzailea da bera, eta argi du zerk lotu zuen arrokara: «Erabateko deskonexioa ematen dit: eskalatzen ari naizenean, horretan bakarrik daukat burua. Kontzentrazio-maila handia eskatzen duen kirol bat da. Arrokan zaudenean, hurrengo pausoa zein den ari zara pentsatzen: hurrengo hanka non jarri, eskua non jarri… Buruak hor egon behar du». Eskaladak duen adrenalina dosiarekin lotzen du hori Natkek, garunari ez baitio uzten beste gauzetara ihes egiten.
Eskaladak, ordea, badu beste ezaugarri bat ere: inklusibitatea. Zure buruaren aurka —edo pareta baten aurka— arituagatik, ezinbestean behar duzu norbait zure alboan, boulderrean salbu. Adibide argi bat eman du Lertxundik: «Nik badut lagun bat lan kontuengatik-eta asko bidaiatzen dena, eta bizitzera joaten zen leku batean egiten zuen lehenengo gauza rokodromo batean izen ematea zen. Bertan segituan topatzen zuen taldetxo bat».
Sortzen diren taldetxo horietako bateko kide da Etxebeste. Konfinamendua bukatu zenean, lagun batek aipatu zion neska talde bat sortu zela eskalatzera joateko, eta ea animatuko litzatekeen. Aurretik ere eskalatzen ibilia zen, baina une horretan ez zuen norekin eskalatu, eta talde horrek eman dio egun eskalada modu biziagoan bizitzeko aukera. Orain Lekunberrin (Nafarroan) bizi da talde horretako beste lau kiderekin batera.
Aitortu du emakumeez osatutako taldea izateak asko erraztu ziola erabakia hartzen: «Emakumeak izateak bultzatu ninduen animatzera, hasiberriak izatearekin batera. Orokorrean, iruditzen zait kirolean mutilek lehiakortasun gehiago daukatela. Uste dut, emakumeak izanda, badagoela zaintza moduko bat: berdin du zer maila daukazun, nola sentitu zaren…. Ulerkortasun gehiago». Gerora, ordea, talde horretan mutil batzuk ere sartu direla aipatu du, «modu naturalean», eta beraiekin ere «oso pozik» dagoela.
Nork segurtatzen du eskalada?
Dena den, azken urteetan izandako gorakadak badu ilunetik ere. Gorakada guztien moduan, kontrol baten barruan eramatea komeni da, kaosa ez bihurtzeko. Orokorrean, Lertxundirentzat eta Natkerentzat aberasgarria da kirolak denetariko jendea erakartzea, baina lanketarako bideak ere ikusten dituzte.
Materialaren eskuragarritasunaz mintzo da Natke: «Urte asko eskalatzen daramagun jendea pixka bat kezkatuta gaude horrekin. Izan ere, badago profil bat kirolari errespetua diona, baina arduragabetasun handia dago beste jende askoren artean. Gero eta istripu gehiago daude. Ez horregatik bakarrik, baina materiala oso eskuragarri dago, eta jendeak beste kirol batzuetan egingo ez lituzkeen gauzak egiten ditu. Adibidez, inork ez du oxigeno bonbona bat erosten eta ur azpian sartzen, baina eskaladan, neurri batean, hori gertatzen ari da». Horri lotuta, Lertxundik dio egun gertatzen diren istripu gehienak giza akatsengatik izaten direla.
Beste gai honek ere kezka eragiten die: mendiaren zaintzak. Lertxundiren ustez, jendea ez dago oso kontzientziatua: «Eskalada rokodromoetan praktikatzera ohituta dagoen jendea gero mendira joaten da, eta ez ditu mendiko kodeak ezagutzen: garbitasuna, flora eta fauna errespetatzea, gainontzeko eskalatzaileekin begirunez jokatzea… Hor bai ikusten dut jende hasiberriarekin hutsune bat dagoela». Ildo beretik mintzo da Natke ere: «Orain jende asko ari da joaten mendira rokodromotik lotura egin duelako, baina mendiko kulturarik ez duena, eta ez dakiena mendia zaintzen: musikarekin joatea mendira, zaborra ez jasotzea…».
Biek ala biek onartu dute lanketa horien ardura rokodromoei dagokiela.