Federico Buccini & Jemma label, J-Silk eta Swingin' Bayonne, besteak beste, Jazzaldiko azken egunean
Federico Buccini & Jemma talde italiarra. Aurtengo Jazzaldiaren azken eguna da gaur, baina azken unera arte kontzertu zoragarriez gozatzeko aukera izango da. Zurriolan ez da saiorik izango gaurkoan, baina gainontzeko guneetan izango dira Federico Buccini & Jemma Label (Frigo gunea), J-Silk (Nauticool) eta Swingin’ Bayonne (Frigo gunea), beste hainbaten artean.
Federico Buccinik eta Jemma zigiluak kolektibo bat eratu zuten, jatorri artistiko desberdinetako Italia osoko musikariak biltzen dituena. Kolektiboa Erromako klub txiki batek astero antolatutako jam session batean eratu zen. Jam haietan harmonia handia zegoen musikarien artean eta horrek ireki zion bidea musika-generoen mugak ezagutzen ez dituen proiektu bati. Jemma globaltasunaren adierazpen bat da, maitatu, landu eta partekatzekoak diren kulturen eta eraginen nahaste bat, alegia.
J- Silk Joanna Rives (ahotsa, gitarra) eta Louis Gaffney (baxua, sintetizadoreak) musikariek osatzen dute. Bikote frantses/ingeles hau soulaz, hip hopaz eta musika elektronikoaz elikatzen da bere estilo propioa sortzeko, haiek Future Soul deitua. Joanna Rivesen ahots beroak kontrastatu egiten du Louis Gaffneyren erritmo hotzekin eta testura elektroniko sotilekin.
Swingin’ Bayonne hirukotea 2015ean sortu zen, eta hiru betiko adiskidek osatzen dute. Arnaud Labastie musikari eskuzabal eta gogotsua da, Tarnoseko musika eskolako, Jazz en Mars jaialdiko eta Alexander Big Bandeko zuzendaria. Patrick Quillartek eta Jean Duverdierrek ere esperientzia handia dute Jazzaren munduan, eta erritmo sekzio sendoa osatzen dute. Hirukote handiak hartu dituzte inspirazio-iturri, hala nola Gene Harris, Monty Alexander eta Benny Green.
Hona hemen gaurko kartela, Jazzaldiko azken eguneko kontzertu guztiekin:


