Txomiñeneko jaiak antolatzeko bilera irekia egingo dute haurtxokoan
Lanberri auzo elkartea Txomiñeneko jaiak prestatzen hasi da, eta bizilagunei zuzenduriko mezu bat plazaratu dute. “Bi urte zail eta tristeen ondoren, azkenean gure jaiak lehen bezala ospatu ahal izango ditugu”, nabarmendu dute. Zehazki, auzo elkartea inoiz baino “gogo eta ahalegin handiagoarekin” ari da lanean irailaren 2an, 3an eta 4an bizilagun guztiek gozatzeko aukera izan dezaten.
Festak antolatzeko, Txominen bizi direnen lankidetza eta parte hartzea ezinbestekoak direla diote. Horregatik, etzi, hilak 27, bilera irekia egingo dute auzoko haurtxokoan. “Informazioa jaso, gure beharrak ezagutu eta ideiak emana ahal izango dituzue”, azaldu dute. Gainera, datozen astetan etxe guztietara hurbilduko dira auzotarren laguntza ekonomikoa eskatzera: “Zuen edozein ekarpen, zenbatekoa edozein dela ere, balio handikoa izango da guretzat”.