ELA sindikatuak baztertu egin du UGT-k zaharren egoitzetarako lortu duen akordioa
UGTk Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Adegi, Lares eta Garen patronalekin akordioa lortu du Gipuzkoako zaharren egoitzen inguruan. ELA sindikatuaren ustez, akordio horren arabera, “eraginkortasun mugatuko hitzarmen bat sinatuko da, patronalen poltsikoak aberasteko eta langileen baldintzak okertzeko soilik balioko duena. Akordio antidemokratikoa da, sektoreko langileen % 93ri bizkarra ematen diona eta lau urte baino gehiagoan izandako borrokari kasurik egiten ez diona”.
ELAk salatu duenez, «eraginkortasun mugatuko hitzarmena sinatu ondoren 2009-2012ko hitzarmen bera berreskuratuko da, enpresa bakoitzeko hitzarmen gehienak baino askoz okerragoa baita”.
LAB ere lan hitzarmenaren aurka
LABen arabera, negoziazio-mahaiaren bileran patronalak “ez du inolako negoziaziorako borondaterik erakutsi” eta langileen ordezkaritza baxuena duen UGT sindikatuarekin (ordezkaritzaren %7) eragin mugatuko hitzarmen bat sinatzeko prestutasuna azaldu du.
“Hala, ehunka greba egun egin duen emakume kolektibo baten aurrean iseka jarraitzen dute patronalek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. Gaurko iragarrita zegoen negoziazio mahaiaren gainean patronalak akordiorako eskaintza bat jarrita zuen, gure ustetan nahikoa ez zena. Hala ere, LAB ez da gaurko bilerara jarrera oztopatzailearekin joan; patronalak egindako proposamenaren ildotik kontraproposamen bat egiteko asmoa azaldu dugu mahaian. Aitzitik, patronalak ez du horretarako inolako aukerarik eman, eta gutxiengoan dagoen UGT sindikatuarekin eragin mugatuko akordio bat sinatzeko aukera zabaldu du”, adierazi du sindikatuak.
LABentzat “oso larria” da negoziazio mahaian gertatu dena, eta ardura instituzionala duen Gipuzkoako Foru Aldundiari egoera hau ez dezan babestu eskatu diote.