Arrapala "pribatizatzearen" aurkako elkarretaratzea egingo dute Parte Zaharreko bizilagunek
Etzi, hilak 29, Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak protesta bat egingo du kaiko arrapalan, 19:00etan.
Denona eta denontzat lelopean, kaiko arrapala ez pribatizatzeko eskatuko dute bizilagunek. Pasa den astean, arrapalaren sarbidea mugatzeko itxitura bat jartzen hasi zen Eusko Jaurlaritza, Euskadiko Kirol Portuak erakundearen bidez.
Itxitura horren harira, atzo arratsaldean batzar jendetsua egin zuen auzo elkarteak. 45 lagun inguru elkartu ziren, eta ostiraleko elkarretaratzean irakurriko den idatzia adostu zuten. Horrekin batera, lan talde bat sortu dute kaia erabiltzen duten kirol talde eta enpresa pribatuekin hitz egiteko. Arrapalaren erabilera guztien artean adostea dute helburu.
Bide juridikoa ere jorratzeko asmoa dute lan taldearen bitartez. Izan ere, dekretu batek Parte Zaharra monumentu multzo gisa babesten du. Ondare materiala eta ez materiala aipatzen ditu dekretuak, eta auzo elkartearen ustez, ondare ez materialaren barruan legoke arrapala bainurako eta aisialdirako erabiltzea. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan jarriko dira
Auzo elkarteak jakinarazi duenez, asko dira arrapala ez ixteko eskatu duten eta atxikimendua emate ari diren eragileak: Bizilagunekin, Parte Zaharreko eta Karmengo jai batzordeak, Parte Zaharra Aske, Herria elkartea, Alde Zaharreko Gazte Asanblada, Orixe ikastolako guraso elkartea, Arrano Beltza elkartea, Kresala elkartea, Sortu, GKS eta Ernai.