Bera Berak helburu berberekin abiatu du denboraldiaurrea
Gaur goizean abiatu du denboraldiaurrea Bera Bera eskubaloi taldeak, Josean Gasca kiroldegian. Lehen taldeko hamabost jokalarik eta bigarren taldeko beste bik parte hartu dute lehen entrenamenduan. Tartean izan dira sasoi berrirako hiru fitxaketak: Shula Gavilan, Anne Erauskin eta Paula Arcos.
2022-2023 denboraldiko helburuei dagokienez, azken urtetako berberak izango direla adierazi dute. Hau da, liga, kopa eta superkopa irabaztea, eta Europa Ligako taldeen ligaxkarako sailkatzea. goizeko lehen entrenamenduan parte hartu dute.
“Helburu nagusia Europa Ligan beste pauso bat ematea da, eta kopako beste final bat jokatzea gustatuko litzaidake”, adierazi du Imanol Alvarez entrenatzaileak. Horrekin batera, ligaren formatu aldaketaren alde egin du entrenatzaileak, taldeari “ikusgarritasuna” emango diolako. Hain zuzen ere, ligako txapelduna play-off kanporaketa baten bidez erabakiko da. Iritzi berekoa da Esther Arrojeria jokalaria: “Ligari emozio gehiago emango dio”.
Lagunarteko zortzi neurketa
Martxa hartzeko, abuztuan zortzi lagunarteko partida jokatuko ditu Bera Berak. Abuztuaren 6an Barakaldoko Zuazoren aurka ariko dira Zarautzen (19:00). Abuztuaren 10ean, Merignac taldearen kontra jokatuko dute Baionan (17:00). Abuztuaren 16an, 17an eta 18an Frantziako Tournoi des Belles des Deux-Sèvres txapelketan parte hartuko dute. Hurrenez hurren, Danimarkako Ikast Handball, Frantziako Celles sur Belle eta Alemaniako Leverkusen taldeen kontra ariko dira. Abuztuaren 24an, Egiako txapelketan ariko dira Gurpea Beti Onak taldearen kontra. Azkenik, Summer BAG txapelketan beste bi partida jokatuko dituzte, baina biak konfirmatzea falta da.