ELAk jazarpen sindikala salatu du Antiguako Metropolitan gimnasioan
Antiguako Pio Baroja pasealekuan dagoen Metropolitan gimnasioaren aurrean protesta egin du ELAk. Salatu dutenez, enpresako hauteskunde sindikalen prozesuan parte hartu zuen langile bat kaleratu dute.
Donostiako Metropolitan gimnasioa 2021eko urrian ireki zuten. 40 langile inguru ditu, salatu dutenez, “lan baldintza eskasekin, LGStik hurbil dauden soldatak jasoz eta lan ezegonkortasun altuarekin”. Testuinguru horretan, maiatzean hauteskunde sindikalak egin ziren enpresan, eta ELAk hiru ordezkariak lortu zituen.
Orain, enpresak hauteskunde sindikalen prozesuan plantillaren eta sindikatuaren arteko lotura eginez parte hartu zuen langile bat kaleratu du. Lanean inolako gorabeherarik izan ez duen langilea da, sindikatuak adierazi duenez.
ELAk Metropolitan gimnasioaren jazarpen sindikala salatu du, eta “langile horren, eta enpresako gainerako langileen, lan eskubideak defendatzeko konpromisoaz ohartarazi du, bai bide juridikotik, bai salaketa publiko eta sindikalaren bidez”.