Irati Gorostidi zuzendari donostiarraren 'Anekumen' proiektua Madrilgo Zine Eskolan garatuko dute
Irati Gorostidi zuzendari donostiarraren 'Anekumen' proiektua Madrilen garatuko dute. Irati Gorostidi zuzendari donostiarraren Anekumen lana Start Me Up programan parte hartzeko hautatu duten hirugarren eta azken lana da. Ikus-entzunezko industriaren dinamizazioarekin lotuta, Madrilgo Erkidegoko Zinematografiako eta Ikus-entzunezkoen Eskolaren ekimen berri hau La Incubadorari (pelikulak sortzera bideratuta dagoen programari) atxikitako nazioarteko garapen-programa bat da.
2022an Ikusmira Berriak programan parte hartu ondoren, Anekumen proiektua La Incubadorako taldeak hautatua izan da, Cecilia Barrionuevo zuzendari artistikoaren eta Ikusmira Berriak lantaldearen lankidetzarekin. «Bereziki pozten gaitu miresten dugun zuzendari bati bere lehen film luzea garatzen laguntzeak, baita militantea eta pertsonala izanik, kontatzeko eta ekoizteko modu desberdinak aztertzeko jomuga duen zinema batean sakontzen jarraitzeak ere», adierazi du Rafa Alberola Madrilgo Erkidegoko Zinematografiako eta Ikus-entzunezkoen Eskolako Industriako arduradunak.
Ekimena azaroaren 20tik 25era gauzatuko da Madrilen, eta halako proiektuak indartzean ardaztuta egongo da, baita garapen- eta finantzaketa-etapa indartzeko behar izaten dituzten ekoizpen- eta marketin-baliabideak ematean ere.
Horrela laburbildu du Gorostidik Anekumen film luzearen argumentua: ”Anekumen printzipio iraultzaileak bizitzako eremu intimoenetara bideratzeko prozesuan oinarritzen da. 70ko urteetako mugimendu autonomoan dago girotua, eta langileek prozesu asanblearioengatik duten gaitzustea ez ezik, langileen mugimenduaren atomizazioa ere miatzen du. Halaber, desengainu politikoaren ostean izan ohi den erreakzioaren gainean hausnartzen du: gizarte-eredu txiki eta isolatu bat bilatzea, ideal politikoak abian jartzeko, bide horrek dakartzan kontraesan aldrebesetan sakonduta”.

