400 jardueratik gora Aste Nagusian, "bizipoza kaleetan jartzeko"

Pello Reparazi erreferentzia eginez aurkeztu du Aste Nagusiko egitaraua Ion Insausti zinegotziak: “Akelarreetan elkartuko gara”. 400 jarduera izango dira, 30 gunetan: Bulebarra, Konstituzio Plaza, Sagues eta Alderdi Eder-ez gain, Aieteko lorategiak, Loiolako Erriberak eta Urumea Ibaian ere izango dira jarduerak.
Insaustik aurkeztutako egitaraua “berritzailea, berdinzalea, natura zalea eta errespetuzkoa” izango dela ziurtatu du: berritzailea, reggae kontzertu bat egongo delako; berdinzalea, Uliako harria emakumeen proba gehitu delako; natura zalea, Urumea ibaian kanoaz jaisteko eta berau garbitzeko aukera egongo delako; eta, errespetuzkoa, denentzat izatea nahi dutelako, eta, zentzu horretan, jai gune batzuetan, ordu batzuez, musika kenduko dutelako, autismoa duten pertsonek “topera” gozatu dezaten.
Herritar guztientzat jarduerak egongo direla ziurtatu du Insaustik, aniztasuna nabarmenduz: berrikuntza eta tradizioa uztartuko direla ziurtatu du.
Sagueseko kontzertuek milaka pertsona bilduko dituen askotariko eskaintza oparoa eskainiko dutela nabarmendu dute. Hala, Aste Nagusiko ekitaldi deigarrienetarikoak proposamen “arras interesgarria” eskainiko du: Izaro; La M.O.D.A.; Ariel Rot & Kiko Veneno; Zetak; Mitic; Ana Guerra; Green Valley, eta Gatibu.
Su Artifizialak bueltan dira
Nazioarteko lehiaketa hirira itzuliko da aurten. Su Artifizialen Nazioarteko Lehiaketa hilaren 13tik 20ra bitartean egingo da, 22:45etik aurrera, eta zortzi parte hartzaile izango ditu. Hilaren 20an, eta festei agur esateko, euskal emakumeen abestiek osatutako soinu-banda bat izango da gozagarri azken gaueko erakustaldiarekin batera. Nabarmendu dute Ukrainako Dance of Fire Fireworks enpresaren parte hartzea, “errusiar inbasioak eta gerrak suntsitutako herrialde honi egingo zaion keinu gisa”.
Bestertik, jakinarazi dute Union Artesana elkartea omenduko duela udalak, Artillero kanta elkarrekin abestuz. 2020an 150 urte bete zituen elkarteak eta orduan egin behar zen omenaldia. Aurten, jaiak berreskuratuta, “merezitako” omenaldia egingo zaio elkarteari.
1.000.000 eurotik gorako aurrekontua du aurtengo Aste Nagusiak eta 2.200 pertsonek lan egingo dute zuzenean. Ondo pasatzeko aukeraz gain, “motor ekonomikoa” izatea espero du zinegotziak, “hiri guztiarentzat”.