Anoetako topo geltokia berritzeko lanek 12,3 milioi euroko aurrekontua dute
Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailak, Euskal Trenbide Sareak erakundearen bidez, obrak lizitatu ditu; 30 hilabeteko epea ezarri dute lanak bukatzeko.
Lurrazalean bigarren atari bat eraiki, nasak luzatu eta Aita Donostia plazako trenbideak berrantolatuko dituzte, besteak beste. Eusko Jaurlaritzak aurreikusitako aurrekontua handitu du, iragan martxoan iragarritako kopuruarekin alderatuta. Orduan, lanen kostua 10 milioi eurokoa izango zela adierazi zuten.
Egungo sarbide bakarra 1990eko hamarkada hasieran eraiki zen, Anoeta futbol estadioarekin batera. Anoeta bigarren geltokia erabiltzaile gehien dituen bigarrena da. 2019an 2.000.000 bidaiari baino gehiago izan zituen. Jaurlaritzaren arabera, une honetan ez da nahikoa egungo eskariari erantzuteko, “ekitaldi handiak dauden egunetan, batez ere”. Hori dela eta, bigarren sarbidea eraikiko dute Hendaia helmuga duen noranzkoan. 180 graduko sarrera eta irteera izango dituen igogailu irisgarriak izango ditu. Era berean, egungo ataria osorik berrituko da, instalazioak eguneratuko dira, argiztapena teknologia eraginkorragoetara egokituko da, nasetako estaldurak eta altzariak berrituko dira, eta baita geltokiaren kanpoko ingurua ere.
Sarrerako atariek beirazko fatxadak eta hormigoizko estalkiak izango dituzte, sarrerako eremuetan hegalean luzaturik, erabiltzaileak babesteko. Kanpoko estaldurak, harriaren antzeko itxura duen materialarekin eginiko formatu handiko baldosak izango dira, erabat birziklagarriak eta ekintza bandalikoen aurkakoak.
“Lugaritz eta Easo arteko metroaren saihesbidea martxan jarrita, kalkulatzen da ustiapen modelo berriak joan-etorri kopurua era progresiboan handituko duela. Horregatik guztiagatik, jarduketa horren helburu nagusia Anoetako geltokia Hendaia eta Zumaia artean ezarriko den zerbitzu eskaintzara egokitzea da, geltokia birgaituz segurtasuna, irisgarritasuna, erosotasuna eta energia eraginkortasuna hobetzeko”, azaldu du Jaurlaritzak.
Obra “neketsua”
Jaurlaritzak dio obra “neketsua” izango dela. “Aita Donostia plazako ibilgailuaren zirkulazioarekin, Anoetak hartuko dituen kirol ekitaldi zein bestelakoekin eta topoaren zerbitzu erregularrarekin batera gauzatu beharko da”, nabarmendu dute. Horregatik, diseinatu den eta zehaztasun milimetrikoa eskatzen duen lanerako plana aldez aurretik adostu dute Donostiako Udalarekin, Ertzaintzarekin eta Euskotrenekin.
Estadioaren aurrean oinezkoen azalera zaintzea izan da proiektuaren kezketako bat. Horregatik, sarbide berriak oinplanoan duen okupazioa ibilgailuen trafikoari lekua kenduz konpentsatzen da, Urumeako saihesbidea martxan jartzeak inguruan eragin duen murrizketa aprobetxatuz. Ondorioz, lanak Aita Donostia biribilgunea inguratzen duen bide sarea erabat eraberrituz hasiko dira, erreiak murriztuz, bidegorria berrantolatuz eta oinezkoentzako lekua irabaziz. Garraio publikoa sustatzeko neurri gehigarri gisa, 17. eta 28. lineen geltokia lekuz aldatuko da, eta tren zien autobus intermodala bultzatuko da Ospitaleak-Miramon igoeran.
Ukitutako zerbitzuak desbideratu eta bideak berrantolatu ondoren, nasetarako sarbide berriaren pantailak egingo dira. Estaltze lauza eraiki ondoren, tunel zaharreko pantailak gauez eraitsiko dira, tren zirkulazioa ez eteteko. Espazioa erabat gaitu ondoren, nasetara sartzeko eskailera eta kristalezko edikulua eraikitzen hasi ahal izango da. Lan horiek bukatu eta sarbide berria martxan jarri ondoren, obra eremua Anoetako geltokiko sarrera zaharrera lekualdatuko da. Sarrera hori eraitsi egingo da, eta, horren ordez, atari berriaren antzeko egitura bat instalatuko da, inguruari koherentzia arkitektonikoa emateko. Aldi berean, nasak luzeran zabaltzeaz gain, tonu argiagoz estaliko dira eta argiztapena hobetuko da, segurtasun eta garbitasun sentsazio handiagoa transmititzeko.