Arkaitzerrekak kutsatuta jarraitzen duela ohartarazi dute
Hamabost egun pasa dira Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak Zubietako ibaia kutsatuta zetorrela salatu zuenetik.
Pasa den hilaren 13tik, Zubietako Arkaitzerreka ibaia kutsatuta dago. Erraustegiaren Aurkako Mugimenduko Fernando Iturralde isurketaren jarraipena egiten ari da, eta bideoen bidez erakusten ari da egunez egunekoa. Gaurko bideoa jarraian ikus dezakezue:
Iturraldek dio erraustegiaren azpitik errekara doan estoldatik ur zikina ateratzen jarraitzen duela: “Gardenagoa da ura, baina aparra eta zikina botatzen du”. Gaur goizean URA agentziako arduradunekin eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko teknikari batekin egin du topo Iturraldek: “GHK bi egunetik behin laginak hartzen ari dela esan didate. Ordea, nire galdera ondorengoa da: kutsadura erraustegiak eragindakoa bada, eta erraustegiaren kudeaketa hirugarren bati eman bazioten, zergatik dabil GHK laginak hartzen? Oso arraroa da dena”.
Errekan bizitzaren bila jarraitzen dute Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak eta Zubietako bizilagunek. “Normalean, harri bat altxa eta zomorro bat azaltzen da ibaian. Duela hamabi egun ez dugula zomorrorik ikusi. URA agentziakoek esan didate arrain hilik ez dutela ikusi, baina ezta bizirik ere”, adierazi du Iturraldek. Gipuzkoako Aldundiarekin jarri da harremanetan, baina esan diote arrainik ez badago ez dutela errekaren egoera aztertuko.