Donosti Berri elkarteak jaietan ere auzoaz gozatzeko deia egin die auzotarrei

Amarako jaietako pregoia egin dute arratsaldean, aurten 100 urte bete dituen Donosti Berri elkarteko kideen eskutik. Jaien hasieran, Amara auzoaren aldeko aldarria egin dute Donosti Berrikoek: “Amaratarrok gure auzoan bizi nahi dugu, eta bertan bizi nahi ditugu gure pozak, gure tristurak, gure haserreak, gure lanak, gure txutxumutxuak, gure izerdiak, gure elkartasunak, gure algarak era gure aldarrikapenak”.
Era berean, elkartearen sorreratik auzoko jaiak antolatzen egin duten lana ere nabarmendu dute: “Data borobila betetzen dugu aurten… ez alferrik 100 urte luze pasa dira sortu ginenetik, 100 urte luze Amarako saltsa askotan eta, zer esanik ez, jaien antolamenduan buru-belarri hasi ginenetik. Eta ez dugu zeregin horretan etsitzeko asmorik”.
Jarraian irakur dezakezue osorik Donosti Berri elkartearen pregoia:
Amaratarrok!!!
Bazen garaia, eguneroko buruhausteak alde batera utzi eta poztasun betean elkarrengana biltzeko berriro ere.
Bazen garaia, azken bi urteetan izan ditugun debeku eta ezintasunen ondoren festa giroan blai murgiltzeko.
Amaratarrok!!
Hona hemen Amara, hona hemen gure auzoa.
Amaratarrok gure auzoan bizi nahi dugu, eta bertan bizi nahi ditugu gure pozak, gure tristurak, gure haserreak, gure lanak, gure txutxumutxuak, gure izerdiak, gure elkartasunak, gure algarak eta gure aldarrikapenak.
Interes ilun eta arrotzek ez dezatela ito auzoa auzotarrona izateko eskubidea. Auzotar eta herritar izan nahi dugu, ahalik eta modurik osoenean.
Amara betiere gure etxea izan dadin, gure auzoa, gure herria!
Eskisitoak gara eta eskisito izan nahi dugu!
Beraz, goza dezagun auzoa jaietan ere. Zabiltzate denok parrandazale, zabiltzate denak jostari, zabiltzate denok libre. Baina, hori bai, errespetuz eta besteen askatasuna inola behartu gabe.
Donosti Berri elkartekoentzat, ohorea da jai hauei hasiera ematea. Data borobila betetzen dugu aurten… ez alferrik 100 urte luze pasa dira sortu ginenetik, 100 urte luze Amarako saltsa askotan eta, zer esanik ez, jaien antolamenduan buru-belarri hasi ginenetik.
Eta ez dugu zeregin horretan etsitzeko asmorik. Beste 100 urte luzez jarraituko al du Donosti Berriren eta amaratarron kemenak!! Gauza asko ditugu-eta oraindik elkarrekin egiteko.
Bestalde, aurtengo jaietan auzotik urrun izango ditugun auzokideei besarkada bat bidaltzen diegu Amaratik, hemendik gutxira elkar ikusiko dugulakoan.
Amaratarrok!!
Orain bai!! Iritsi zaigu jai-giroa!!! Iritsi zaigu gozatzeko garaia.!!
GORA AMARA….. ETA GORA AMARAKO JAIAK!!!