Hamahiru ekoizpen lehiatuko dira Zinemaldiko Zuzendari Berriak sailean

Hamabost herrialdetako hamahiru ekoizpenek hartuko dute parte irailaren 16tik 27ra 70. Donostia Zinemaldiko Zuzendari Berriak sailean. Aukeratutako lan guztien artean, hamabi opera prima daude, eta, bat, berriz, egilearen bigarren filma da.
Jeanne Aslan turkiarra (Sorgun, 1976) eta Paul Saintillan frantziarra (Versalles, 1971) dira beren lehen lana Zuzendari Berriak sailean erakutsiko duten zinemagileetako bi. Elkarrekin zuzendu dute Fifi / Spare Keys.
Laura Baumeister nikaraguarrak (Managua, 1983) bere lehen filma aurkeztuko du, La hija de todas las rabias. Bestalde, Moldaviako Errepublikako Ion Borș zuzendariak (Chisinau, 1990), iaz WIP Europa Industriaren saria eta WIP Europa saria eskuratu zituenak, Carbon bere lehen film luzearekin hartuko du parte.
Katrine Brocks zinemagile daniarra (Kopenhague, 1989) bere lehen film luzearekin lehiatuko da, Den Store Stilhed / The Great Silence izenekoarekin. Frantzian bizi den Dinara Drukarova aktore errusiarrak (San Petersburgo, 1976) kameraren atzean sortu duen lehen filma aurkeztuko du, Grand Marin. Era berean, Suitzako Carmen Jaquier (Geneva, 1985), Foudre / Thunder film luzearekin estreinatuko da.
Jeong-sun filma da Ji-hye Jeong zuzendariaren (Busan, 1995) estreinako filma, eta Koreako Jeonjuko zinema-jaialdia irabazi zuen. Takeshi Kogahara zinemagile japoniarrak (Nagasaki, 1982) ere bere debuteko film luzea ekarriko du, Nagisa. Bestalde, Rocio Mesa zuzendari eta ekoizleak (Granada, 1983) New Directors sailean parte hartuko du errealismo magiko kutsua duen Secaderos filmarekin, bere fikziozko lehenbiziko lana.
Masahiko Sato (Shizuoka, 1954), Yutaro Seki (Kanagawa, 1987) eta Kentaro Hirase (San Frantzisko, 1986) hirukoteak Miyamatsu to Yamashita / Roleless aurkeztuko du, eta Parth Saurabh zinemagile indiarrak (Darbhanga, 1993) bere lehen filma, Pokhar Ke Dunu Paar / On Either Sides of the Pond, ekarriko du. Gainera, Josip Žuvan kroaziarrak (Trogir, 1987) Garbura / Carbide bere debuteko filma aurkeztuko du.
Izenburu horiei guztiei batuko zaie Maria Elorzaren (Gasteiz, 1988) lehen film luzea, dagoeneko iragarri den A los libros y a las mujeres canto, liburuak zaintzen dituzten emakumeen armada anonimo eta armagabeari buruzkoa.