Maialen Chourrautek finalerdietarako txartela lortu du Augsburgeko Munduko Txapelketan

Augsburgeko Munduko Txapelketako finalerdietarako sailkapena lortzeko bi jaitsiera behar izan ditu Maialen Chourraut piraguistak. Egin duen lehen jaitsieran, 24. postuan bukatu du, 105.77ko denborarekin -+7.44 Stefanie Horn italiarrarekiko– eta zigorrik gabe. Lehenengo hogeiak zuzenean sailkatzen ziren. Bigarren jaitsieran hamar plaza zeuden jokoan eta Chourraut bederatzigarren izan da, 104.17ko denborarekin (+5.30 Lena Teunissen herbeheretarrarekin alderatuta) eta 2 puntuko penalizazioarekin.
Etzi jokatuko da finalerdia, eta egun berean izango da finala. Chourrautek adierazi du oso pozik dagoela egindako lanarekin, “hemen egotea lorpen handia delako”. Bestalde, badaki hurrengo hilabetetan “xehetasunak leundu eta gogor borrokatu” beharko duela, “aurkariak inoiz baino azkarragoak izaten ari direlako”.