'Paperezko inperio baten atlasa' instalazioa ikusgai, San Telmo Museoan
'Paperezko inperio baten atlasa' instalazioaren aurkezpena. (Argazkia: San Telmo Museoa) San Telmo Museoak Iratxe Jaio (Markina-Xemein, 1976) eta Klaas van Gorkum (Delft, Herbehereak, 1975) artisten Paperezko inperio baten atlasa instalazioa aurkeztu du, gaurtik aurrera urtebetez museoko elizan ikusgai izango dena, eta Museo Bikoitza programaren parte dena.
Museo Bikoitza, Asier Mendizabal artistaren proposamena, 2018an jarri zen abian. San Telmon egiten diren esku-hartze programa bat da, urteko aldizkakotasunarekin eta gonbidatutako artista baten eskutik. Museo Bikoitza programa Ibon Aranberrirekin jarri zen abian, eta Erlea Manerosek eta Jose Mari Zabalak parte hartu dute geroztik. Oraingoan, Iratxe Jaio eta Klaas van Gorkumen urtebeteko lanaren emaitza aurkeztu dute.
Honela azaldu dute aurkezpenean Jaiok eta Van Gorkumek beraien lana: “Imajina dezagun hain mapa perfektua, lurralde baten xehetasun guzti-guztiak batzen dituela. Mapa horrek, Borgesek idatzi zuenez, maparen mapa bat eduki beharko luke barnean, eta horrek aldi berean maparen maparen mapa bat, eta horrela infinituraino. Mapa gehienak ez daude perfekzio maila goren horretan. Abstrakzioak dira, gure bizilekua den espazioaren irudikapen grafikoak. Itsaso amaigabeak, oihan zeharkaezinak eta hiri labirintoak irudi lau soiletara mugatzen dira, zirriborroak dira paper ahulezko orri batean. Nekez eskainiko dute munduko esperientzia pobretu bat baino gehiago. Baina abstrakzioaren benetako boterea ez datza errealitatearen erreprodukzio fidelean. Errepresentazioek, aldi berean, unibertso propioak sortzen dituzte, kanpoko erreferentzietatik eratortzen ez direnak. Demagun orain lurraldea ez dela maparen aurretik agertzen. Are gehiago, eta mapa bera balitz lurraldeari existentzia emango liokeena?”
Jaio eta Klaas van Gorkum artistek San Telmo Museoko artxiboko mapa bilduma aztertu dute ideia hori buruan zutela. Horietako bat ere ez zen bilduman sartu bere zehaztasun topografikoagatik. Beren balioa historikoa eta kulturala da, eta oraintsuko historiatik Errenazimendura bitarteko aleak batzen ditu. Museoak gordetzen duen fraide domingotarren komentu zaharraren planoetatik abiatuta, euskal probintzietan zehar hedatzen dira, penintsula osoan, eta ozeanoak zeharkatzen dituzte antzinako kolonietako kostaldeak ukitzeko.

