0,26 gradu igo da Donostiako bataz besteko tenperatura azken urteotan
Aurtengo uda, inoizko udarik beroena izaten ari dela diote adituek. Donostian ere, aste gogorrak izan ditugu, tenperatura altuekin. Haritik hirira kolektiboak haria argitaratu du Twitterren, tenperaturaren igoera “kezkagarria” aztertuz. Donostian, 0,26 gradu igo da azken hogei urtean bataz besteko tenperatura.
Batez besteko tenperaturaren igoerak, gauez izan ohi ditugun tenperaturetan ere eragin zuzena duela aztertu dute. Gasteizen izan ezik, Euskal Herrian “nabarmen ugaritu dira gau tropikalak. Donostian 115 izan dira azken hogei urteotan, hamazazpi gehiago, hain zuzen.
Harian azaldu dutenez, etorkizun hurbilean Kantauri aldeko tenperaturak barnealdekoak baino leunagoak izango direla aurreikusten den arren, “gero eta gehiago hurbiltzen ari gara hegoalderago kokatzen diren lurraldeen batez besteko tenperaturetara. Egoera honek, tenperatura altuei aurre egiteko aire girotu zein energia kontsumoa areagotzea izan dezake emaitza moduan”.
Gaineratu dutenez, “egungo energiaren prezioa kontuan hartuz, kasu askotan, zoritxarrez, konfort termikoa ala gainerako oinarrizko gastuak ordaintzea aukeratu beharko da. Bata ala bestea, baina ez bata zein bestea. Beste behin, baliabide ekonomiko gutxien dituzten pertsonak kaltetuenak izanik”.
Iaz, Haritik Hirirakoek beste hari esanguratsu bat argitaratu zuten Twitterren, Donostiak dituen bero uharteak aztertuz.
Ze puntutaraino da garrantzitsua gure hirietako tenperaturak egonkor mantendu eta labe erraldoi batean ez bilakatzea? Gradu gutxi batzuen igoerak eragin zuzena izan dezake gure osasunean, baina nola saihestu berotegi efektu hau? Gaur, hiriko bero-uhartea aztergai #HaritikHirira? pic.twitter.com/41T6xLg9Ov
— Haritik Hirira (@HaritikHirira) March 30, 2021