Antolakuntza talde berria dute Loiolako jaiek

Gaur hasi eta igandean amaituko dira Loiolako jaiak, baina aurreko larunbatetik ari dira auzotarrak motorrak berotzen. Ardotxo tabernak 10 urte bete ditu aurten, eta bertako jabeak antolatutako herri bazkariko dirua jai batzordera bideratu dute programa osatzen laguntzeko. Hiru eguneko egitarau indartsua dute aurretik auzoan.

Loiolako jai batzordea Ezkerretik eskuinera: Aratz, Nagore, Nora, Aines eta Andoni, Loiolako jai batzordeko kideak.

Bi urteren ondoren, jai batzorde berriak gogotsu eta ilusioz antolatu ditu festak, izan ere, belaunaldi aldaketa bat izan da antolakuntzan. Egun talde horren parte den Aratz Sotok azaldu ditu xehetasunak: “Duela bi urte arte antolakuntzan egon den taldeak utzi egin du. Ez arrazoi berezi bategatik, baizik eta bakoitzaren erritmoarengatik eta jendea hainbeste urte eta gero dagoeneko beste fase batean dagoelako”, aitortu du Sotok.

Jai batzordean sei edo zazpi pertsona inguru ari dira modu aktiboan lanean, baina auzoko jendea eta lehengo jai batzordeko kideak ere prest daude laguntzeko. “Alde horretatik, talde batetik bestera izan den trantsizioa nahiko modu naturalean eta nahiko ondo egin dela esan genezake”, nabarmendu du.

Talde berria “indartsu” eta “gogoz” sartu dela dio Sotok, eta jai batzordera batu nahi duena gonbidatuta dagoela jakinarazi du. “Edonork hartu dezake parte horretan. Aurtengo jaiei begira, urte hasieran hasi ginen pentsatzen pixka bat nola planteatuko genituen, eta pare bat bilera ireki egin dira auzotarrek euren proposamenak egiteko”, jakinarazi du.

Zoritxarrez, lehenengo bilera irekira jende gutxi joan zela adierazi du, baina joan zirenen proposamenak jaso omen zituzten. “Jai batzordeak proposamen horiek aztertu ostean, bigarren bilera irekia egin genuen, gauzak jada finkatuago zeudenean, eta horrela joan gara gainontzeko guztia antolatzen. Esan behar da jai batzordekoek egiten dugula lan gehien, baina jarduera asko eta asko auzotarrei eta Loiolako taberna eta komertzio askori esker egiten ditugu”, nabarmendu du.

Elkarlan horren erakusgarri da Ardotxo tabernak lehengo larunbatean antolatu zuen Festa Kubatarra. Han bildutako diru guztia jai batzordera bideratu dute: “Ardotxo tabernak 10 urte bete ditu aurten, eta larunbatean, ospakizun gisa, jaien aldeko bazkari herrikoia eta kontzertua antolatu zituen. Hor lortutako diru guztia jai batzordeari eman zioten. Beraz, joan den larunbatetik ari gara festetarako motorrak berotzen”, esan du.

Jaiak hasteko futbol txapelketa eta titiriteroen ikuskizuna egin zituzten atzo, baina gaur hasiko dira ofizialki Loiolako jaiak, eta igandera arte iraungo du festak auzoan. Gaur, jaurtiko dute suziria, 18:30ean, Latsarien plazan. “Ondoren datorren gehiena aurreko urteetako egitarauetatik hartuta antolatu dugu. Egia da atzo egin genuen futbol txapelketa berria dela, eta igandean antolatu dugun bertso saioa ere ez dela urtero egiten. Berritasun batzuk baditugu aurten, egia esan”, adierazi du.

San Ignazio egunaren inguruan antolatzen dituzte festak Loiolan, eta aurten igandea tokatzen denez, hiru egunetako jaiak antolatu behar izan dituzte. Berritasun asko sartzeko aukera gutxi izan dute horrela. “Bi urtez jairik gabe egon ostean, aurtengo estrategia auzoa berraktibatzea izan da, jendearen animoak neurtzeko eta urtero egiten zena mantenduz poza berreskuratzeko”, nabarmendu du.

Loiolako jaiak 2022

HITZAkide HITZAkide