Arrapala "pribatizatzearen" aurkako elkarretaratzea egingo dute
Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak protesta bat egingo du gaur 19:00etan kaiko arrapalan. ‘Denona eta denontzat’ lelopean, auzotarrek arrapala erabili ahal izatea aldarrikatuko dute.
Pasa den astean, arrapalaren sarbidea mugatzeko itxitura bat jartzen hasi zen Eusko Jaurlaritza, Euskadiko Kirol Portuak (EKP) erakundearen bidez. Piztu Donostiak ohartarazi zuen arrapala «betirako ixteko» egitura bat jartzen ari zirela. Aldiz, Eneko Goia alkateak, hedabide honen galderari erantzunez, adierazi zuen itxitura ez zela «finkoa» izango: «Itxi eta irekiko da, arrapala hobeto kudeatzeko asmoarekin».
Itxitura horren harira, astearte arratsaldean batzar jendetsua egin zuen auzo elkarteak. 45 lagun inguru elkartu ziren, eta ostiraleko elkarretaratzean irakurriko den idatzia adostu zuten. Horrekin batera, lan talde bat sortu dute kaia erabiltzen duten kirol talde eta enpresa pribatuekin hitz egiteko. Arrapalaren erabilera guztien artean adostea dute helburu.
Bide juridikoa ere jorratzeko asmoa dute lan taldearen bitartez. Izan ere, dekretu batek Parte Zaharra monumentu multzo gisa babesten du. Ondare materiala eta ez materiala aipatzen ditu dekretuak, eta auzo elkartearen ustez, ondare ez materialaren barruan legoke arrapala bainurako eta aisialdirako erabiltzea. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan jarriko dira.
Auzo elkarteak jakinarazi duenez, asko dira arrapala ez ixteko eskatu duten eta atxikimendua ematen ari diren eragileak: Bizilagunekin, Parte Zaharreko eta Karmengo jai batzordeak, Parte Zaharra Aske, Herria elkartea, Alde Zaharreko Gazte Asanblada, Orixe ikastolako guraso elkartea, Arrano Beltza elkartea, Kresala elkartea, Sortu, GKS eta Ernai.
Hirugarren aldia da
Pandemia egoera zela eta, Eusko Jaurlaritzak 2020ko uztailean hesitu eta itxi zuten kaiko arrapala eta Nautikoko eskailerak. Jende pilaketak saihesteko harturiko erabakia izan zen. Iaz, berriz, ekainean hesitu zuten arrapala, eta soilik ikastaroak ematen zituztenek eta bestelako ontzi pribatuek erabili zezaketen. Aurten, ez dute hesirik jarri, baina horren ordez itxitura bat jartzen ari dira.
Arrapala kaiko zein Donostiako beste edozein auzotako herritarren aisialdirako eta bainurako gunea izan da betidanik. Hiru urte daramatzate aldarrikatzen arrapala espazio publikoa dela, eta ikastaroen eta herritarren arteko elkarbizitza bermatu behar dela.