Iker Zabala Goikolea, ZINEMA KRITIKARIA

Denak berdinak ote?

Zinea_men

‘Men’
Zuzendaria: Alex Garland.
Urtea: 2022.
Herrialdea: Erresuma Batua.

Alex Garland britainiarrak bere narrazioetan, Ex-Machina filmean edo Devs telesailean, esaterako, zientzia fikzioaren planteamenduak erabili ohi ditu gizartearen inguruko hausnarketak burutzeko. Men-en kasuan, Cannes-eko errealizadore hamabostaldian zirrara eta gorrotoa era berdintsuan piztu zituen filmean, androide eta zientzia esperimentuak albo batera utzi eta Garland terrorearen eremuetan sartuko da konplexurik gabe. Kasu honetan ere, edonola, gizarte arazoei aurre egiteko errealitatea desitxuratzen duten elementuak erabiliko ditu.

Harper (Jessie Buckley, egungo panoramako antzezle onenetarikoa dela erakusten berriro ere) trauma bortitza igaro berri duen neska da. Bere mutilak buruaz beste egin du bere aurrean, eta nolabait barne oreka berreskuratu nahiean Ingalaterrako herrixka txiki batetako etxe bukolikoa alokatuko du, naturarekin harremanetan samina egoki bideratzeko esperantzarekin. Ondorioak edonola oso bestelakoak izango dira, herri hontako bizilagunak, ia denak gizonak, Harperren erasotzaile potentzialak izango baitira.

Errealitatearen elementu konkretuak aldatzeak ideiak adierazteko tresnak eratu ditzake. Paradoxikoki, errealitatea bere hortan irudikatzea baino eraginkorragoak kasu askotan (gogora datorkigu, esaterako, iaz estreinatutako Leos Carax-en Anette-en kasua, izenburuko umea panpin bat bezala zegoen irudikatua). Kasu hontan, herri hontako gizon denek (umeek barne), aurpegi berdina dute, Rory Kinnear aktorearena. Berez elementu dramatiko hutsa da, pertsonaiek ez dute honetaz ohartzen direnik adieraziko eta istorioan ez du eraginik. Baina erabateko zentzua ematen dio narrazioari, arriskuaren itxura era homogeneoan plazaratzen baita, berez jatorri anitzekoa bada ere. Hala eratzen du Garland-ek emakumearekiko indarkeriaren parabola konplexua, bi denboratan planteatua: iraganaren irudiak, Harper eta bere bikotekidearen arteko erlazio toxikoarenak, infernuaren argazkilaritza gorri jasaezina dutenak, indarkeria intimoarena; eta orainaldiko irudi horiek, geroz eta ilunagoak, bortizkeriaren alderdi publikoa osatuko dutenak, gizartearen eremu eta instituzio guztiak zeharkatuz (aurpegi berdina duten tabernarietatik segurtasun langileetararte, tartean erlijio gizonak ere sartuz).

Tentsio eta ezinegon eraginkorrez beterik dagoen pelikula bada ere, eremu sinbolikoa oso landuta dago, esanahien maila biderkatuz. Pelikulan etengabe errepikatuko dira, hala, hegan dabilen aterki formako loretxoa, hildako oreinaren begizuloa edo elizako harrien aurpegi expresiboak; edo Harperrek, jolasean, bere oihartzuna erabiliz egingo duen melodia sakona. Hain zuzen ere, filmaren pasarte gustagarriena da oihartzunaren hau, tunel ilun batetan ematen dena, neskak basoan egingo duen ibilaldi lasai baten ondoren, eta baso berdinetik, ihesean eta erabateko tentsioan, egingo duenaren aurretik. Tunelaren iluntasuna inguruan duela, plano orokor eta motzak tartekatuko ditu Garland-ek, enfoke eremuarekin eta putzuetako isladarekin jolas eginez, Harperren aurpegian zirrara ikusten dugun bitartean. Momentu horietan, tentsioak erabat eztanda egin bitarteko eszenetan, pelikulak zoragarri funtzionatuko du. Filmaren azken herenak arazo gehiago dakartza, onerako edo txarrerako, oreka guztiak suntsitu egingo baitira.

Hala iritsiko gara klimax luze(egi), anker eta basatira. Errealitatearekiko lokarriak erabat askatuko dira eta Garland-ek onirikotasuna konplexurik gabe besarkatuko du. Zehatzago, erabateko amesgaizto bilakatuko da Harperrek landa eremuan biziko duen abentura eta deabru guztiak askatu egingo dira, festa makabro eta odoltsuan. Galde genezake ea horren urruti iristea beharrezkoa ote zen. Baina nola irudikatu pertsonaiaren erabateko babesgabetasuna, infernua azken finean, gu geu ere, ikusle gisa, infernu filmiko baten aurrean sentitu gabe?

HITZAkide HITZAkide