"Indarra dugu gure onena emateko, eta merezi du"
Hamalau urteren ostean agur esango du Skakeitanek. Donostiako belaunaldi oso batentzat erreferente bihurtu da taldea, ska oinarritik abiatuta, poparen estilo guztietara helduz. Spotify plataforman, Donostiako euskarazko taldeen artean erreprodukzio gehien ditu, besteak beste. Europatik eta Asiatik ibili dira, nerabeak zireneko amets gehienak betez. Agur esan aurretik egungo taldekide guztiak elkartu ditugu: Julen Idigoras (1991, Gros), Asier Iriondo (1988, Aiete), Olatz Salvador (1990, Amara Berri), Pello Armendariz (1991, Amara Berri), Borja Anton (1991, Amara Berri). Aitor Valcarlos, (1991, Amara), Gorka Valcarlos, (1994, Amara) eta Ander Zabala, (1994, Tolosa). Orain, agur biran dabiltza jo ta su, eta azken agurra Donostian emango dute, 2023an. Data eta lekua oraindik ez dakite, baina jakin bezain laster, esango digutela zin egin dute. Aste Nagusi Piratan egongo dira ere, noski, abuztuaren 17an.
Zergatik agur?
Pello Armendariz (P.A.): Pixka bat estankatuta geunden momentu batean iritsi da, burua gehiago genuen kanpora begira, eta beste proiektu batzuetan. Abesti berriak egiten jarraitzeak ez zigun hainbeste ilusiorik egiten, eta erabakia hartu behar genuen. Sormenaren ikuspegitik dinamika diluitu egin zen.
Zergatik orain?
Borja Anton (B.A.): Hau da nire ustez galdera. Erabaki hau askotan egon delako bueltaka gure buruetan. Ez da bat-bateko gauza bat izan; azkeneko diskoa grabatzean ere planteatu egin genuen egin ala ez. Nahiko urrutitik dator galdera, beraz. Azken finean talde batek ez badu sortzeko grina hori nabaritzen da zentzu guztietan.
Zergatik orain? Bada, oraindik badugulako indarra. Indarra dugu gure onena emateko, eta merezi du ondo egitea: bira indartsu batekin. Bukaera duin bat eman nahi genion.
Julen Idigoras (J.I.): Pandemiak behartu gintuen kolpez gelditzera, eta gauza batzuk argiago ikusi genituen. Jarraitu genezake noizbehinka jotzen, diskorik atera gabe eta abar, baina, Skakeitan gaur egun ez da talde amateur bat, ezin dugu erdizka jarraitu. Taldeak konpromiso maila handia eskatzen du, ekonomikoki gastua da ere –enpresa bat dago eta abar–, ez da erdizka egin daitekeen zerbait: edo %100 zaude, edo ezin da.
Zaila izango zen, hala ere, erabakia.
Aitor Valcarlos (A.V.): Nire kasuan bizitza Skakeitanekin bizi izan dut. Eztabaida hori zaila zen niretzat: ez dakit nola kudeatuko dudan nire denbora librea orain taldea gabe. Kontraesan horiek izan ditut. Hamalau urte daramagu taldean, beti egon gara elkarrekin. Ez naiz gogoratzen taldea ez nuen garaiaz.
Hamalau urte errez esaten dira. Zer zineten lehen eta zer zarete orain?
A.V.: Lehen umemokoak, eta orain, helduak [barrez].
J.I.: Nik beti diot Skakeitan dela –baita izena bera ere– 14 urterekin egiten duzun posta elektronikoa bezala, nik oraindik mantentzen dut hori, eta esanguratsua da.
A.V.: Nik ere, valskaiter69 [barrez].
J.I.: Taldea hasi zenean ez genituen galdera asko egiten, dena oso purua zen. Skakeitanek badu izaera puru hori, urteetan zehar galdu ez duena. Noski, aldatu egin gara; edozein pertsona 17 urtetatik 31 urtetara aldatzen den moduan. Gure bilakaera musikala ere horren isla izan da, nahi genuena egin dugu momentu guztietan. Onerako eta txarrerako, oso gazte hasi ginela nabaritzen da. Niri horregatik gustatzen zait horrenbeste taldea, hemen hazi ginelako, eta hemen ikasi dugulako ia dena.
Olatz Salvador (O.S.): Ni ez nengoen hasieratik, baina taldean hasi nintzenetik, bizitzeko modu ezberdin bat ezagutu nuen. Familia berri bat sortzen duzu, eta ikasten duzu horrela bizitzen. Nik musikarako kristoren atea topatu dut. Honengatik ez balitz, agian ez nintzateke inoiz musikan arituko. Bizitza markatu eta aldatu didan zerbait izan da Skakeitan.
B.A.: Niretzat nahiko harrigarria da dena. Axi [Iriondo] eta biok musika eskolako lokalean elkartzen ginen, jotzen jakin gabe. Skakeitan guztiontzat eskola izugarria izan da, etengabe hazten joan dena, profesionaltasun maila batera iritsi da eta hemendik proiektu ugari sortu dira.
J.I.: Hasi ginenean ez zen hau arnasten; ez genekien hona iritsiko ginenik. Egia da bageneukala hasieratik gose puntu hori, eta horregatik iritsi gara iritsi garen tokira. Fundamentua izan dugu beti, eta beti sinistu dugu proiektuan.
P.A.: Hasi ginenetik bagenuen planen bat epe ertainera: gaztetxe batean jotzea, jaialdi batean, disko bat egitea… Garapen hori modu naturalean gertatu da. Gauzak epe luzera ikusten dituzunean agian zaila da ibilbide hori egitea, baina urratsez urrats bazoaz, azkenean ikusten duzu baietz, egin duzula.
A.V.: Asi, Borja eta hirurok Miranda de Ebrora joan ginen, Petroleo Rock jaialdira, eta nire helburua zen horrelako jaialdi batean jotzea, horrelako taldeekin. Eta azkenean lortu genuen.
J.I.: Dena izan da harrigarria. Bateriari mikrofonoak jartzen hasi zirenean flipatu egiten nuen nola entzuten zen.
O.S.: Soinu ekipoak, tarimak, monitoreak ere… Lokatzetik hasi ginenez, dena izan da lorpen bat.
J.I.: Adierazgarria da ere lehen diskoa Haritz Harreguyrekin egin genuela. Guk ez genuen ez dirurik, ez zigilurik. Tamaina horretako inongo taldek egingo ez lukeen disko batean sartu ginen. Disko horrekin zigilu guztiengana joan ginen, eta denek ezetz esan ziguten arren. Grina ikusten zen hor.
Lehenengo garai horretatik oroitzen duzuen bereziena zer da?
B.A.: Garai horretan ez genuen autorik, eta autobusean edo topoan joaten ginen kontzertuetara. Gurasoak engainatu behar izan genituen behin baino gehiagotan, noski.
Asier Iriondo (A.I.): Nik garai punkienaren moduan oroitzen dut, eta maitasun handiarekin: sekulako parrandak, gaupasaz trenean… Autorik ez genuen, eta ezinbestean geratu behar ginen.
J.I.: Jo eta gero beti kristoren parranda egiten genuen. Faltan botatzen dut, planagatik eta aguantatzen genuenagatik [barrez].
P.A.: Kontzertu ostea beti zen ospakizuna.
A.V.: Afarien truk jotzen genuen. Itziarrekoa top 5ean dago: gure lehen jatetxea izan zen!
J.I.: Gauza oso eroak. Elgoibarren kontzertua izan genuen eta Martini, garaiko abeslariari, senide bat hil zitzaion eta ezin zuen joan, eta beste bati ez zioten utzi ziklogenesi leherkorra izan zelako, eta Pello eta Asiren artean erabaki zuten zeinek zer abestu eta baxua txandakatzen aritu ziren. Bi erratzekin eta aulki batekin euskarri bat egin genuen mikrofonoarentzat… dena zen abentura bat.
Eta, ba al dago errepikatuko ez zenuten zerbait?
B.A.: Nik argi daukat; izena [taldeko guzti-guztiek oniritzia ematen diote]. Kategoria batean sailkatzen duzu zure burua, eta jendeak ere hor sailkatzen zaitu.
P.A.: Talde bat sortu behar baduzue, ez jarri estiloaren izena.
Zeintzuk dira taldearen historian une gogoangarrienak?
O.A.: Manu Chaorekin Zurriolako hondartzan jo genuena bat, zalantzarik gabe. 45.000 lagunen aurrean jo genuen. Joko genuela jakin genuenetik lokartzeko zailtasunak izan nituen, urduri nengoelako. Oroitzen dut han nengoela eta ezin nuela sinistu.
V.A.: Guretzat gainera erreferente handia zen. Bere kontzertuak ikustera joan ginen Daxera eta abar. Eta gero han geunden, berarekin kamerinoan!
A.I.: Nik Manu Chaoren kontzertua oso handia geratu zitzaidala oroitzen dut. Ez daukat gozatu izanaren sentipenik. Ez daukat kasik egun horretako oroitzapenik, nire garunak dena ezabatu zuen. Orduan disko bakarra genuen oraindik, pentsa. Gustatuko litzaidake aurrerago jo ahal izatea, beste eskarmentu batekin, horrelako eszenatoki batek nola funtzionatzen duen jakiten.
J.I.: Japoniako bira aipatuko nuke. Bira nahiko gogorra zen, baina Asiara joan ginen 2015ean!
V.A.: Donostiako Piratak ere, orokorrean. Musika lehiaketa irabazi genuen, musika lantaldean aritu ginen asko, kanta egin genuen…
J.I.: Gure historiako une gorenen artean gure azken bolada azpimarratuko nuke nik. Azkenengo diskoarekin iruditzen zait taldeak beste pisu bat hartu duela jendearentzat. Londresera joan izana diskoa nahastera kristorena izan zen, nahiko surrealista zen guretzat.
Eliot Jamesek Bob Marleyk ez dakit zein urtetan erabilitako teklatu bat erakutsi zigun: “Bihar bazatozte Adele egongo da hemen”. Eta flipatu egiten genuen guk.
B.A.: Niretzat ere, gure ibilbideko une gorenetako bat izan da. Estudioan egotea Jamesekin eta bertatik bertara hitz egin ahal izatea, eta ikustea beste taldeen musika entzuten eta tratatzen zuen moduan tratatzen zuela gurea. Gustatzen zitzaion, gainera.
V.A.: Egia da hori ez genuela talde osoak bizi, baina gainontzekoontzat ederra izan zen ere. “Begira hauek, Londresera joan direla, harroxko-harroxko”. Kanpotik, talde moduan oso polita zen.
J.I.: Disko honekin inoiz gerturatu ez den jendea gerturatu da. Badago jendea aurreko lanak gehiago gustatzen zaizkionak, baina ez da hate askorik egon.
V.A.: Ba nik eduki ditut mobidak parrandan: “Zein komertzialak bihurtu zareten orain”, “haizeak jada ez daude”.
J.I.: Baina hori anekdota moduan. Kanpora begira eta hedabideetan eta abar pisu handiagoa izan du taldeak.
Ibilbidean zehar izango dituzue ahaztuko ez dituzuen anekdotak [barrez hasten dira denak].
V.A.: Lur zingiratsuak dira hauek!
J.I.: Behin, Santurtzin jotzen ari ginela, kanta baten sarrera markatu behar nuen eta Pellori begiratu nion –orduan gitarrista zen–, eta makurtuta zegoen iskina batean mugikorretik hitz egiten: “Miguel, bolo batean nagoela!”.
P.A.: Kar, kar, nik ez dut horrela oroitzen, baina garai hura oso eroa zen, eta nik ez neukan filtrorik.
V.A.: Kontzertu batean lehenago bukatu behar genuela esan ziguten, eta taldekide batek –ez dut esango nork– ideia zoragarri bat izan zuen: azkarrago joko dugu guztia eta sartuko da. Noski, ez zen ideia ona izan.
P.A.: Borjak behin furgoneta tunel baxu batean sartu zuen, eta altuerak ematen ez zuenez, zuloa egin zion sabaian. Uda osoan furgoneta zulatuarekin egon ginen, euria egiten zuen bakoitzean bustitzen ginen.
B.A.: Kontzientziako har handia nuen nik, eta kontzertu guztien aurretik plastiko bat jartzera joaten nintzen, itoteak sartu ez zitezen.
O.S.: Dena oso zoroa zen lehen. Askoz gehiago eztabaidatzen genuen lehen: haserretzen ginen, batek ospa egiten zuen bat-batean… orain denok lasaiago gaude, hobeto elkarrekin.
A.I.: Hori esan behar nuen, gure ibilbideko une on bat esatekotan hauxe dela esango nuke. Lasai gaude, gure artean ondo, kontzertuez gozatzen.
‘Bataplan su eman’ izan zen zuen lehen arrakastak. Zein hiri ikusten zenuten orduan, eta zer orain.
J.I.: Ba, pentsa, uste genuen garai hartako arazo nagusia Bataplan zela. Egia da orduan ez ginela joaten, baina gero, noizbehinka joan izan gara, eta elkar harrapatu dugu: “Zu ere joaten al zara?”.
P.A.: Niri bertan aurpegiratu zidaten, “zer abesten duzu zuk, e? Behar duzu metxero bat?”.
O.S.: Niri neska batek gau osoan zehar hipokrita deitu ninduen ere.
B.A.: Lehen, festa egiteko lekuez hitz egiten genuen; orain kaleratu dugun Alaska kantan, aldiz, beste arazoez hitz egiten dugu. 18 urterekin diskoteka bati abesten genion, eta 30ekin non biziko garen.
P.A.: Donostiaren inguruan da kanta hori. Hemen jaio garenok hemen bizitzeko dugun zailtasunaz hitz egiten du. Gure hiriko alkateak duela gutxi bota zuen pribilegio bat zela gure auzoetan bizitzea. Hemendik ateratzera kondenatuta gaude: gutako asko jada ez gara Donostian bizi. Horri buruz doa, pixka bat erresistentzia puntu batetik eginda, “zenbat irauten duen kaktus batek Alaskan”.
Eszena asko aldatu da ordutik?
P.A.: Pandemia inflexio puntu bat izan da euskal panoraman; beste eszena bat dago orain. Momenturen batean nik neure burua deskolokatuta ikusi dut. Non kokatu jakin gabe.
O.S.: Pasada bat da zenbat jende dagoen sortzen Euskal Herrian eta Donostian. Falta dena da, publiko aldetik egonezin handiago bat, ezberdinak diren gauzei ateak irekitzeko.
J.I.: Hasi ginenean baino askoz eszena oparoagoa dago Donostian. Bilboko jende askok komentatu dit: lehen, Bilbo zen eta, orain, Donostia da. Eta arraroa da, zeren dena dago nahiko kontra: entsegu lokalak adibidez, gero eta gutxiago daude, eta denak dira pribatuak; jotzeko lekuak ere, daudenak oso ondo, baina gutxi dira eta ez daude oso eskuragarri.
Donostian esaten da kulturaren alden asko egiten dela, baina badaude zailtasun asko proiektuak aurrera ateratzeko orduan. Hainbeste gauza eraikitzen ari diren honetan, deigarria da horrelako ezer ez egitea.
O.S.: Beste herrietan ikusten duzu entsegu lokalak udalarenak direla, eta kristoren erraztasunak daudela proiektuak sortzeko eta abar. Guk ez dugu laguntza bakar bat ere izan. Diru laguntzez duela bi urte enteratu ginen.
Ez da ikusten zer gastu suposatzen duen honek. Edozein taldek dirua galtzen du proiektu batean, hasieran batez ere.
Zer utziko du Skakeitanek?
B.A.: Duela gutxi kontzertu batean egon nintzen Donostiako musikari gazte batzuekin, eta esan zidaten: “Borja zu izan zara gure aita” –edo aitona, ez dut oroitzen–. Guk 14 urterekin beste taldeak ikusten ikasi dugun moduan, beste taldeek gurekin ikasi dute. Skakeitanek hazi txiki bat utzi duela uste dut, gaur egun dauden taldeengan eragina izan dena. Arrasto bat egin dugu, eta talde askok horri jarraituko diote.
J.I.: Utziko dugula esan dugunetik jende asko hurbildu da, eta konturatzen zara jendearentzat izan dela bere bizitzaren parte. Kantak ere hor geldituko dira. Gutxi dela dirudi, baina hori da guztiari zentzua eman diona.
A.V.: Kontzertuetan jendea zoriontsu ikusi izan dut. Eta ni horrekin gelditzen naiz.; jendeak gurekin gozatzea, gure diskoak entzutea…
O.S.: Bakoitzak bere kuttuna edukiko du gainera. Tipo batek Orekariak-en letra zati bat tatuatu zuen. Pentsa!
P.A.: Lagun moduan hasi genuen proiektu hau, eta niri pena handiena ematen didana da gu bereiztea, ez jarraitzea elkarrekin.
A.I.: Nik ere gune seguru bezala daukat taldea. Etorkizunean hari hori puskatzearen beldur naiz. Jarraituko dugu afariak egiten, ezta?
Denek batera erantzun dute: Bai, noski!