"Niretzat aukera paregabea zen"
Ofizioz Donostiako ospitaleko eta Gipuzkoa poliklinikako otorrinolaringologiako zirujaua da. Afizioz, berriz, Ancient Settlers metal taldeko gitarrista eta burua. Carlos Chiesa Estomba (Santa Ana de Coro, Venezuela, 1986) duela sei urte etorri zen Donostiara bizitzera, eta hemen uztartu ditu lana eta betidanik izan duen musikarekiko zaletasuna.
Venezuelakoa zaren arren, euskal sustraiak dituzu, ezta?
Nire ama, Carmen Estomba Mendieta, Irungoa da, eta haren aldetik familia dut Gipuzkoan. Aldiz, nire aita, Miguel Chiesa Mounic, italiarra zen. Nire euskal sustrairik agerikoena nire buru handia da. Oso euskalduna da hori. Bestalde, Donostiara etorri izanak nire bizitzako ziklo bat ixteko aukera eman dit.
Ama euskalduna eta aita italiarra izanik, nolatan jaio zinen Venezuelan?
Nire gurasoak 1980ko hamarkadan joan ziren Venezuelara lan kontuengatik. Nire aita medikua zen eta amak administrazioan egin zuen lan. Petrolioa ekoizten zen eskualde batean bizi ginen, eta han hazi nintzen nire bi arrebekin. Petrolioaren urrezko garaietan bizi izan ginen han. Aita hil zenean, nire ama Irunera itzuli zen.
Eta zu Donostiara etorri zinen. Zergatik?
Lan eskaintza on batengatik. Venezuelan medikuntza ikasketak egin ondoren, otorrinolaringologiako espezialitatea egin nuen Vigon (Galizia). Hara joan nintzen egun nire emaztea dena galiziarra delako. Pontevedrakoa da bera eta haren familia. Ikastaro batean, Donostiako ospitalean lan egiten zuen pertsona bat ezagutu nuen, eta harreman oso ona egin genuen. Berak esan zidan curriculuma bidaltzeko Donostiako ospitalera. Espezialistak behar zituztela esan zidan. Curriculuma bidali nuen, aurreikuspenik egin gabe. Horrelako batean, otorrinolaringologiako saileko nagusiak telefonoz deitu eta Donostiako ospitalera joatea proposatu zidan. Niretzat aukera paregabea zen, eta onartu nuen.
Zehazki, zein da zure espezialitatea?
Lepoko eta buruko minbizia tratatzea eta ebakuntzak egitea. Izan ere, hemen kasu asko daude, tamalez. Ospitalean nire profileko mediku zirujau bat behar zuten. Izan ere, espezialitate hau egin duten oso zirujau gutxi daude estatuan. Pentsa, Gipuzkoan soilik lau zirujau gaudela uste dut. Ospitaleak kirurgia saila indartu nahi zuen; berregite kirurgia, batez ere. Ikastaroan ezagutu nuen laguna eta biok espezialitate horren Europako programan egin ditugu ikasketak.
Gustura zaude hemen?
Oso pozik nago. Donostian bizi gara orain, baina etxea erosi dugu Irunen. Gainera, guraso izan berri gara, eta bizitzeko leku aproposenean gaudela uste dut. Bizitza lasaia gustuko dut, eta hona etortzea erabaki oso ona izan zen. Irunen bizi nahi dut, amaren hiria delako eta lekua bera gustatzen zaidalako. Hondarribia eta Hendaia gertu ditu, eta gustuko dut itsasoan arraun surfean aritzea eta Bidasoan bizikletan ibiltzea.
Zirujaua ez ezik, musikaria ere bazara. Donostian sorturiko Ancient Settlers taldeko gitarrista zara.
Bai, horrela da. 2020ko otsailean sortu genuen Herman Riera bateria jotzaileak eta biok. Venezuelan Haboryn bandan aritu ginen elkarrekin. Ondoren, Ancient Settlers osatu zuten Rene Gonzalez teklatu jotzaileak, Remy Reyes gitarristak, Miguel Herrera baxu jotzaileak eta Antony Hamalainen abeslariak. Dena dela, boskotea aurten eguneratu dugu. Reyesen lekua Agustin Martinezek hartu du, eta zuzeneko batzuetarako Genesis Farias ordezko abeslaria fitxatu dugu.
Musikari guztiak atzerrikoak zarete, ezta?
Izen-abizenengatik diozu? [barrez] Gehienek dugu lotura Venezuelarekin, han jaio garelako eta familiako loturaren bat dugulako. Antony da salbuespena, Ohion (AEB) bizi den finlandiarra delako. Taldera batzen azkena izan zen, abeslari baten bila genbiltzalako. Lan labur bat grabatu genuen, baina ahotsa falta zitzaigun. Gustavo Sazes diseinatzaile ezagun eta lagunaren bitartez iritsi ginen berarengana. Haren laguna zen, eta berarekin harremanetan jartzeko esan zigun. Abestiak bidali nizkion, eta asko gustatu zitzaizkionez, ahotsa berak grabatuko zuen. Antony abeslari ezaguna da, besteak beste, Nightrage eta Armageddon bandetan aritu delako.
Donostian bizi den taldekide bakarra zara?
Une honetan, bai. Denbora batez, Herman eta Rene ere Donostian bizi izan ziren, baina lan kontuengatik, bata Oporton (Portugal) dago, eta bestea Tolosa (Okzitania).
Apirilaren 1ean ‘Our Last Eclipse’ iraupen luzeko lehen diskoa argitaratu zenuten. Death metal melodiko eta modernoa islatu duzue kantuetan. Gustura zaudete izan duen harrerarekin?
Egia esan, ezin gara kexatu. Sekulako zortea izan dugu. Australiako Crusader Records diskoetxearekin sinatu genuen, eta haiek ordaindu dute dena. Gure diskoa mundu mailan banatu eta hedatu dute, eta, horri esker, espero baino oihartzun handiagoa izan dugu. Hogei urte daramatzat musikagintzan, eta horrelakorik ez zait sekula gertatu. Bestalde, Fredrik Nordstrom metal ekoizle ezagunak nahastu eta masterizatu zuen lana. Luxu bat izan da guretzat. Kasu honetan ere, Gustavo Sazesi esker jarri ginen harekin harremanetan Nordstromekin. Gure abestiak asko gustatu zitzaizkion, eta gurekin lan egitea erabaki zuen. Promozioari dagokionez, haren izen-abizenak diskoan agertzeak asko lagundu digu.
Duela gutxi ‘Autumnus Live Sessions at Track Lab Media’ lan digitala aurkeztu zenuten. Dagoeneko hurrengo diskoari begira jarri zarete?
Bai, eta dagoeneko konposatu ditugu hurrengo lan laburrerako eta bigarren iraupen luzeko diskorako kantuak. Ni naiz konposatzailea eta abestien oinarriak Hermani bidaltzen dizkiot berak bateria grabatu ditzan. Gainerako xehetasunak taldean fintzen ditugu.
Taldekideak munduko hainbat txokotan bizita, nola elkartzen zarete entseatzeko eta kontzertuak emateko?
Ez da erraza, baina tarteka kide batzuk elkartzen gara entseguak egiteko. Kontzertuei dagokienez, gutxi dira eman ditugunak, baina gehiago jotzeko asmoa daukagu. Horregatik, udan Genesis Farias ordezko abeslariarekin emango ditugu kontzertu batzuk. Donostian ez gara ariko, baina Portugaleten bai, abuztuan. Gerora, urrian Bilbon eta Iruñean joko dugu. Ondo bidean, datorren urtearen hasieran aurkeztuko dugu lan berria Donostian.