Kaleko artistek ardura adierazpen bat sinatu beharko dute kalean jarduteko
Kaleko artistek kalean jarduteko tramiteak biguntzea erabaki du Donostiako Udalak. Artistek derrigorrez errespetatu beharko dituzten arau batzuk izango dituzte eta ardura adierazpen bat sinatu beharko dute lege hori betetzeko konpromisoa adierazteko eta, horren ordez, udaletxeari ez diote baimenik eskatu beharko kalean ikuskizunak egin ahal izateko. Dokumentua sinatzen dutenek, Bulebarrean eta Kontxan soilik markatutako puntuetan emanaldiak eskaini ahalko dituzte, lurrean plaka batekin adierazita, eta hirian zehar plaza, paseo edo kale zabaletan kokatzeko konpromisoa hartuko dute eta distantzia bat hartu beharko dute udalak antolatutako ekitaldiak badaude. Gainera, beste musikariekin 75 metrotako distantzia bat izan beharko dute eta eztabaida egonez gero bi parteek haien ekitaldiak bertan behera utzi beharko dituzte. Parte Zaharra arauditik at gelditzen da, bertan kaleko ekitaldiak debekatuta baitaude.
Ordutegiei dagokionez, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 22:00etara emanaldiak eskaini ahalko dituzte eta artista bakoitzak ezin izango du ordubete baino gehiago leku berdinean igaro. Bestalde, araudiari dagokionez, artistek ezin izango dituzte potentzia handiko bozgorailuak erabili, etxebizitzetatik 20 metrotara jotzeko konpromisoa hartu beharko dute, eta bankuetatik edo deskantsatzeko beste eserlekuetatik metro bateko distantzia minimo bat hartu beharko dute.