Ostiralean badian hondoratutako itsasontzia atera dute dagoeneko
Ostiraleko 23:00ak aldera, Sanga izeneko itsasontzi partikular bat hondoratu egin zen Kontxako badian, eta Ertzaintzak eta Gurutze Gorriaren Itsas Salbamenduko unitateak bertan zeuden zazpi pertsonak erreskatatu behar izan zituen. Ontziak asteburu osoa pasatu du Ondarretatik gertu hondartuta, eta gaur, hilaren 1ean, atera dute badiatik, Kotazero enpresaren garabidun itsasontzi bat erabilita.
Ordea, zatika atera behar izan dute Sanga ontzia, itsasoak txikitu egin baitu asteburuan zehar. 06:15ak aldera hasi dira lanean, eta hondakin gutxi batzuk kenduta, ontziaren zati guztiak kaira eraman dituzte; badian gelditu direnak asteartean ateratzea espero dute. Erregaiaren edukiontziak, helizea eta motorra ateratzeari eman diete lehentasuna, eta ondoren gainontzeko zatiak ateratzen joan dira.
Hain zuzen ere, hondoratutako ontziaren erregaiak Ondarretako hondartza zein Santa Klara irlaren ingurua kutsatu ditu asteburuan, hainbat erregai orban agertu baitira Ondarretan, bereziki. Horregatik, irlan bandera gorria jarri zuten larunbatean (igandean berdea jarri zuten berriz ere), eta igandean bandera gorria jarri zuten Ondarretan, uretan eta hondarretan agertutako orbanengatik.
Sanga ontziko tripulatzaileak Igeldo ingurutik nabigatzen ari ziren, ontzian ura sartzeko zirrikitu bat ireki zenean. Ez zien kaira iristeko denbora eman, eta Ondarreta inguruan hondartuta gelditu ziren, sakontasun gutxiko eremu batean. Horregatik, hain zuzen, ontzia ez zen guztiz hondoratu, ez zegoelako behar adina sakontasun.