Musika, surfa eta skate-a biltzen dituen Waxdayz festibala antolatuko dute Donostian
Datorren irailaren 2an eta 3an Waxdayz izeneko festibala antolatuko dute Donostian. Ikuskizun hau Saguesen izango da eta surfa, musika eta skate-a bilduko ditu. Ekitaldiaren izenak oinarrian duen Wax hitzak parafina esan nahi du ingelesez, surfean eta skate-ean asko erabiltzen den tresna bat delako. Festibal honetan, publikoarentzat oso eskaintza erakargarria izango duen surf txapelketa bat egongo da Zurriolako hondartzan, non nazioarteko surflariak parte-hartuko duten: Leon Glatzer, Maxime Huscenot, Mihimana Braye, Ramzy Boukiam eta Paul Cesar Distinguin, besteak beste. Antolatzaileek hamar plaza gorde dituzte estatuko surflarientzat eta beste bost surflari lokalentzat.
Skate-aren kasuan berriz, surfskate izeneko modalitate bat jorratuko da, bi kirolak nolabait nahasten dituena. Horretarako patinek ardatz berezi bat dute eta horiek zementuaren gainean erabiliz gero olatuaren gainean surfeko taularekin egotearen antzeko sentsazioa ematen omen du. Musikari dagokionez, festibalean dj lokalak kontratatu dituzte ekitaldiak giroa izan dezan eta gauetan kontzertuak ospatuko dira. Momentuz Maren abeslari bizkaitarra eta Martin de Marte talde zarauztarra berretsi dituzte, baina hurrengo egunetan talde gehiago aurkeztuko dituztela esan dute.
Ekitaldi honek gainera, ingurumenarekin konpromiso bat dauka eta horregatik bi egunetan zehar, goizeko 11.00etatik 12:00etara plastikoak erretiratuko dira itsasotik eta ingurumenari buruzko hitzaldiak antolatuko dira hainbat erakundeekin kolaboratu baitute. Gainera, Waxdayz festibalaren asmoa datorren urteetan ospatzen jarraitzea da eta Donostiako eskaintza kulturalean ekitaldi iraunkor batean bilakatzea.

