Realeko bazkideek eserlekua saltzeko aukera izango dute salmentaren %40 irabaziz
Eserlekuak hutsik ez gelditzeko bazkideek haien eserlekuak lagatzeko aukera jarri du klubak.
Realeko bazkideek haien Anoetako eserlekuak saltzeko aukera izango dute partiduetara joaterik ez dutenean. Anoetako palkoetako eserlekuak ezingo dira prozesu honetan sartu, palkoak osorik lagatu beharko baitira. Klub txuri-urdinak adierazi du bazkideak liberatutako eserlekua saltzen bada, honek sarreraren zenbatekoaren %40 eramango duela. Lagapen bakoitzaren zenbatekoa saltzailearen adinaren araberakoa izango da, hau da, ez da berdina izango heldua edo infantila bada bazkidea; eta arerioaren araberakoa, hortaz, Real Madril, Bartzelona edo Athletic-en aurkako partiduetarako, esate baterako, zenbatekoa altuagoa izango da. Salmentaren beste portzentaiei dagokionez, klubak beste %40 jasoko du eta gainontzeko %20 kudeaketa gastuetara bideratuko da. Realak azpimarratzen du eserlekua saltzen ez bada, ez dela dirurik sartuko. Prozesu hau datorren abuztuaren 21etik aurrera, hau da, FC Bartzelonaren aurkako partidutik aurrera, hasiko da eta soilik Ligako eta Kopako partiduetarako balioko du, Europa League-koak ez daude barne.
Sarrera uzteko, Realeko webgunetik egin behar da eta datozen asteetan App Realzalean funtzionalitatea aktibatuko da, atal berean klubari edo senide edo lagun bati lagatzeko aukera izateko. Horretarako bazkidearen txartelaren ID-a eta NANren azken lau digituak dituen PIN zenbakia sartu beharko dira. Behin lagapena eginda, prozesua webgunetik eta App Realzaletik kontsultatzeko aukera egongo da. Realak azpimarratzen du sarrera uzten bada eta hau saldu egiten bada bazkideak ez duela partidu horretarako eserlekua berreskuratzeko aukera izango eta txartel hori saltzen bada, lagunei edo senidei lagatzean ez bezala, ez dela kontuan izango bazkidearen asistentzian. Salmenten zenbatekoa berriz, urtarrilaren erdialdean jasoko du bazkideak Realzale Programaren itxierarekin batera.