"Donostiako publikoa izugarria da"
Udako hilabeteetan ohikoa izaten da kaleko artistak aurkitzea hiri osoan zehar. Bulebarretik, Alderdi Ederretik, Kontxako pasealekutik eta Gros edo Zentroko kaleetatik harri bitxi ugari ikusi daitezke. Donostiarrek zein turistek haien ikuskizunekin gozatzen dute eta Bulebarrean edo Alderdi Ederren txaloak entzutea tipikoa izaten da artista hauek inguratzen jende asko egoten baita. Aste honetan, Diana Gomez izeneko biolontxelo-jotzaileak bisitatu du Donostia. Gomez, aurtengo otsailean birala egin zen Danimarkan txeloa jotzen zuen bitartean orein batzuk bere musika entzuten gelditu zirelako. 28 urte dituen murtziarrak Chelodiana ezizena erabiltzen du eta 28.700 jarraitzaile ditu Instagramen eta 53.600 Tik Token.
Murtziako Goi-mailako Kontserbatorioan ikasi zuen Biolontxeloa jotzen eta behin ikasketak bukatu ondoren atzerrira abentura baten bila joan zen. “2017. urtean hasi nintzen kalean jotzen, Zelanda Berrira lan bila joan nintzenean, aparteko soldata bat atera nahi nuelako”, azaltzen du Gomezek. Gaur egun, udan bakarrik jotzen du kaleetan eta makina bat hiri eta herrialdeetan eman ditu ekitaldiak: “Hainbeste hirietan jo dut ez dakidala zenbaki konkretu bat ematen, baina gutxi gorabehera 20 hirietan egon naizela esango nuke”. Pandemia garaia ez zen erraza izan, gainontzeko pertsonentzat bezala, eta denbora luze batean ez zuen kaleetan ikuskizunik eman ez zelako egoerarekin eroso sentitzen. “Murrizketekin ezin nintzenez nire hiritik atera, ‘normaltasun berrian’ sartu ginenean bueltatu nintzen kalean jotzen, orduan bai atera nintekeelako”, nabarmentzen du Gomezek. Murrizketen garaian beste lan bat bilatu behar izan zuen eta eskola batean musika klaseak ematen hasi zen.
Aste osoan zehar Donostian egongo da eta normalean Alderdi Ederren eta Bulebarreak aurkitu daiteke. Musika aldetik era askotako abestiak jotzen ditu, batzuk klasikoagoak eta beste batzuk modernoagoak. Bere errepertorioan Titanikeko My Heart Will Go On, Coldplayren Viva la Vida, Shawn Mendes eta Camila Cabelloren Señorita, Game of Thrones telesaileko abestia edo The Chamberriesen Zombie abestiak entzun ditzakegu. Donostia bisitatzen duen bigarren aldia da baina hemengo kaleetan jotzen duen lehenengo aldia. “Donostiako publikoa izugarria da”, azpimarratzen du Gomezek. Atzo, bere sare sozialetan Bulebarrean eman zuen erakustaldiaren bideo bat igo zuen eta bertan haur bat ikusi dezakegu lehenengo ilaran bere musika entzuten eta txaloka.
Ikus dezakezue hemen bere abesti bat: