Garibai kalea irekita dago berriz ere
Cristobal Balentziaga jostun getariarraren inguruko telesaila grabatzen aritu dira aste honetan Donostian, eta, horregatik, Garibai kalea itxita egon da astelehenetik ostegunera. Gune horretako grabaketa lanak bukatuta, irekita dago berriz ere Garibai kalea. Egunotan, aldizkako mozketak egin dituzte Andia kalean ere, Garibai eta Hernani kaleen arteko zatian. Horrela, egun batzuez, set zinematografiko bat izan da Erdialdeko eremu hori; besteak beste, foku handi bat jarri zuten garabi batean, beheko argazkietan ikus daitekeen moduan.
Ekainean hasi ziren Balentziagaren (Getaria, Gipuzkoa, 1895-Javea, Espainia, 1972) bizitzari buruzko telesailaren filmatzen. Donostian aritu ziren orduan ere, Igeldon eta Nautikoan, besteak beste. Euskal Herriko hainbat herri ere agertu dira telesailean: Getaria, Irune, Azpeitia, Hondarribia, Gasteiz, Biarritz, Iruñea eta Balmaseda. Balentziagaren ibilbidean esanguratsuak izan diren beste leku batzuk ere agertuko dira: Madril (Espainia), Paris (Frantzia) eta Okzitaniako Tolosa eta Bordele.
Alberto San Juan aktorea (Madril, Espainia, 1968) ari da Cristobal Balentziagaren pertsonaiaren papera egiten. Moriarti ekoiztetxeko Jose Mari Goenaga, Jon Garaño eta Aitor Arregi ari dira zuzendari lanetan, eta Disney Plus plataforman estreinatuko da 2023an. Guztira sei atal izango ditu telesailak, eta jostunaren bizitzako hainbat pasarte kontatuko dituzte: 36ko gerratik, jostunak modaren industriaren egin zituen lehen urratsetara. Gerra hasi zenean, Parisera jo zuen. Bilintxen ilobak, Nicolas Bizkarrondok, bere bizilagunak, lagundu zion Parisen zerotik hasten. Hura errepublikaren aldeko militante ezaguna zen, eta Parisera alde egin behar izan zuen familiarekin batera. Donostiako langileek Eisa izenarekin jarraitu zuen lanean, Askatasunaren hiribideko dendak 1968an itxi zuen arte. Gerra amaitzean, berehala ekin zioten lanari, berriz ere Bizkarrondoren laguntzari esker sortu zuen Avenue George V hiribidean, Parisen, Balentziaga etxea.