"Igandean ondo abestea hasieratik nirekin daudenei eskerrak ematea da"
Miren Urbieta-Vega soprano donostiarrak (Gros, 1983) bere lekua egin du operaren munduan, eta 83. Musika Hamabostaldian abestuko du igandean, 20:00etan, Kursaalean (sarrerak Musika Hamabostaldiaren webgunean). Emanaldi berezia izango da gainera, Pablo Sorozabal konpositore donostiarra omenduko baitute haren jaiotzaren 125. urteurrenaren bueltan, Sorozabalen 'La tabernera del puerto' zarzuela interpretatuz.
Nola daramazue ‘La tabernera del puerto’ obraren prestaketa?
Horrelako ekoizpen baterako kontratatzen zaituztenean, normalean, lehenengo pausoa bakoitzak bere kabuz bere pertsonaia ikastea da. Nire kasuan, Marolaren pertsonaia dagoeneko kantatuta neukan, eta beraz, musika nahiko menderatuta nuen dagoeneko. Horrela ere, errepasatu egin behar da beti, gauzak ahotsean jarri behar direlako. Bestalde, kontzertu bertsioan eskainiko dugu obra, hau da, ez dugu antzeztuko, baina elkarrizketak egongo dira. Zarzuelak daukan berezitasuna hori da, abestu eta hitz egiten dela, eta nahiz eta oraingoan geldirik eta antzeztu gabe egongo garen, testu hitz eginak ere egingo ditugu. Testu horiek etxean behin eta berriz irakurri behar izan ditugu, zeren ez ditugu buruz bere horretan esango emanaldian, baina garrantzitsua da guk ia buruz jakitea, erraztasun handiagoz esateko. Gainera, ez dugunez mugimendurik egingo, are gehiago nabarmendu behar ditugu hitzak, jendeak errazago uler ditzan.
Hori bakoitzak bere etxean egiten duen prestaketa da, eta gero iristen da denak elkartzen garen fasea. Hain zuzen ere, aste osoa pasatu dugu elkarrekin entseatzen, Unai Urretxo zuzendariaren laguntzarekin. Larunbatean entsegu orokorra egingo dugu, eta igandean emanaldia eskainiko dugu. Kasu honetan, Bilboko Orkestra Sinfonikoak joko duenez obran, euren egoitzan entseatu dugu, baina igande arratsaldean, emanaldiaren aurretik proba akustikoa egingo dugu Kursaalean, dena ondo kalibratzeko. Normalena izaten da emanaldia eskainiko dugun leku berean entseatzea, baina kasu honetan ezin izan da horrela izan.
Lekuan bertan entseatzea edo behintzat proba txiki bat egitea garrantzitsua da?
Musikariei eta abeslariei asko eragiten digu lekuak: ez da gauza bera leku lehor batean abestea, edo leku zabal batean, leku txiki batean, handi batean, zabal batean, altu batean… Gauzak aldatu egiten dira batetik bestera, eta horregatik, minutu batzuk behar ditugu lekura ohitzeko.
Entsegu guztien ondoren, igandea heltzeko gogoz egongo zara, ezta?
Sekulako gogoa dut, bai! Gainera, Sorozabal nire konpositore gogokoenetariko bat da, eta beraz, beti dut gustuko bere musika interpretatzea. Musikari euskaldun bati omenaldia egiteak ere ilusioa egiten dit, eta Musika Hamabostaldian abestea beti da berezia. Etxeko jende asko egongo da ikusleen artean, eta horrek berezi bihurtzen du kontzertua.
Nabarmentzekoa da Sorozabalen jaiotzaren 125. urteurrena dela aurtengoa, eta horregatik omenduko duzuela.
Bai. Nire hamahiru urteko ibilbide honetan, beti izan da premisetako bat euskal konpositoreak bultzatzea, ezagutaraztea eta interpretatzea. Batzuetan, oso obra ezagunekin egin dut, baina beste batzuetan ikerketa lana egin dut, eta horren ezagunak ez diren obra batzuk atera ditut. Nire ibilbideko parte bat hori izan da, eta horregatik, Musika Hamabostaldiak ni aukeratu izana Sorozabal omentzeko oso pozgarria da.
Erreferentea da zuretzat Sorozabal?
Esan dizudan moduan, nire konpositore gogokoenetariko bat da. Sorozabalek berezitasun bat dauka: oso ondo adierazten dituela idazten dituen pertsonaien sentimenduak eta oso musika kartsua eta lirikoa egiten duela. Horregatik, abeslariontzako oso ondo idatzita egoten da.
Horrez gain, donostiarrentzat oso ezagunak diren melodiak ditu Sorozabalek, askok ez dakiten arren. Igandean entzungo ditugun melodia asko ezagutzen dituzte donostiarrek, beste letra batzuekin bada ere. Adibidez, Quisiera ser alcalde Donostiyakua… hori La tabernera del puerto-ko melodia bat da, eta nire pertsonaiak abesten du, beste letra batekin. Horregatik, nik uste dut oso zarzuela ezaguna dela, nahiz eta segur aski jende askok ez dakien ezagutzen duela [barrez]. Sorozabalek publikora iristeko erraztasuna izan du beti, bere musika mundu guztiari gustatzen zaiola esan daiteke.
Etxean abestuko duzu, Donostian.
Berezia da, beti delako atsegina ikusleen artean jende ezaguna eta familiakoa egotea. Horrez gain, erantzukizuna ere sentitzen dut, gero eta gehiago kantatzen dudalako hemendik kanpo, eta jendeak espektatiba jakin batzuk egiten dituelako bere buruan; horregatik, maila ona erakutsi nahi duzu. Era berean, nolabait, igandean ondo abestea hasieratik nirekin daudenei eskerrak ematea da, nire ibilbidearen hasieran eskaini nituen kontzertu txiki guztietara etorri zen jendeari. Sentimendu nahasmen handia daukat, baina beti zentzu positiboan.
Zer da zuretzat Musika Hamabostaldia?
Hemengo musikariontzat, berezia da Musika Hamabostaldian parte hartzea, jaialdiak duen nazioarteko proiekzioarengatik. Lehen mailako nazioarteko artistak etortzen dira Hamabostaldira, eta zu ere horren parte izateak esan nahi du nazioarteko maila hori lortu duzula. Batzuetan, badirudi hemengoak izateagatik ez dugula maila nahikoa, eta horregatik, pozgarria da Hamabostaldiak gu kontuan izatea eta bertako jendea kontratatzeko esfortzua egitea.
Zale gisa emanaldiren bat ikustera joango zara?
La Fille du Régiment opera ikustera joango naiz, bai. Beste emanaldi batzuk ere ikusi nahi nituen, baina entseguekin, ezin izan dut.
Zer esango zenioke jendeari ‘La tabernera del puerto’ ikustera joatera animatzeko?
Sorozabalen musika oso erraz entzuten dela eta oso atsegina dela entzuteko. Era berean, La tabernera del puerto-n trama argumentu bat aurkituko dutela, eta aldi berean, pertsonaia komiko asko ere aurkituko dituztela. Nahiz eta ez izan antzerki bertsioan, testu hitz eginak daudenez, oso erraza izango da obra osoa ulertzea eta jarraitzea. Gainera, ezusteko asko aurkituko dituzte bereziki donostiarrek, Donostiako melodia ezagun asko entzungo dituztelako.