Kanpin berri bat eraiki nahi dute Igeldon
Igeldoko auzoan kanpin berri bat egiteko proiektu bat prestatzen ari dira Noticias de Gipuzkoa-k azaldu duenaren arabera. Proiektua aurrera eramateko, Donostiako Udalari aurkeztutako tramiteek aurrera igaro beharko lukete eta Udalak ingurumen txosten bat eskatu du eskaera aztertzeko. Kanpin honek, ‘eco glamping’ kalifikazioa izango du, kanpin eta xarma edo glamour hitzak biltzen dituen kontzeptua. Kasu honetan, kanpina kupula geodesiko batzuetaz osatuta egongo da egurrezko iglu baten antzerako forma izango dutenak, jendeari han barruan ostatua emateko. Guztira 16 kupula eraikitzea izango litzateke helburua, batzuk lauzpabost pertsonei ostatua emateko eta gainontzekoak harrera-lekua, jatetxea, spa eta astronomia-behatokirako erabiliko dira. Iglu desberdinak egurrezko pasabide batekin konektatuta egongo dira. Kanpinaren kokalekua Mendizorrotzeko iparraldeko mendi-hegalean dago, Buztinzuri bidearen ondoan.
Ingurumenaren zaintza oso garrantzitsua izango da proiektu honetan, horregatik kanpinak igerileku natural bat izango du, euriaren urarekin beteko dena, eta ur hori andel batzuetan gordeko da, landareak ureztatzeko erabili ahal izateko. Gainera, eguzki-energia panelak eta termotximiniak jarriko dira ingurumena errespetatzeko. Kanpinak ere ibilgailuentzako 27 plazako aparkaleku bat izango du. Donostiako Udalak, gai honi buruz galdetu zaionean, ez du proiektua baieztatu ezta ezeztatu ere.