Lehenengo Zinemaldiko ikusleen bila dabiltza
Donostiako Zinemaldiak 70 urte beteko ditu aurten, eta urteurren berezi horren bueltan egingo dituzten ekitaldietako bat dela eta, lehenengo Zinemaldian, 1953koan, egondako ikusleak bilatzen ari dira. Filmen proiekzioetan egon ziren herritarrak ez ezik, jaialdiaren lekuko izan zirenak edo era batera edo bestera jaialdian parte hartu zutenak bilatzen ari dira.
1953ko Zinemaldi hartan egondakoak eta han egondako norbait ezagutzen dutenak bi modutara jar daitezke Zinemaldiarekin harremanetan: 943-48 12 12 telefono zenbakira deituta edo ssiff@sansebastianfestival.com helbidera idatzita.
70. urteurrenaren bueltan, hainbat jarduera egingo ditu Zinemaldiak, eta, besteak beste, zazpi hamarkadotan jaialdiak emandakoak Imajinatu Zinemaldia erakusketan daude ikusgai, Tabakaleran.