Lidergoa borrokatzen jarraitu nahi dute Donostia Arraun Lagunakek eta Donostiarrak
Hondarribian eta Getarian lehiatu dira.
Euskotren ligako bederatzigarren eta hamargarren jardunaldiak eta Eusko Label ligako hamaikagarrena eta hamabigarrena jokatuko dituzte asteburuan, eta Donostiarrak mutiletan (Eusko Label liga) eta Donostia Arraun Lagunakek nesketan (Euskotren liga) emaitza onak lortu beharko dituzte, euren ligetako lidergoak borrokatzen jarraitu ahal izateko. Bai mutilak eta bai neskak Hondarribiako uretan lehiatuko dira larunbatean, eta Getariakoetan igandean.
Euskotren ligan, Nesken Ondoan Bandera jokatuko dute larunbatean Hondarribian, 17:40ean hasita. Igandean, aldiz, Getarian ariko dira, Getariako Ikurriña – 500. urteurrena saria lehiatzen, eta 11:40ean abiatuko dira. Donostia Arraun Lagunak ligako bigarren sailkatua da, Orioren atzetik (26 eta 30 puntu, hurrenez hurren), eta liderrarekiko duen aldea gutxitzen saiatuko da. Donostiarra, aldiz, hirugarren sailkatua da, eta Tolosaldea Arraun Kluba azken sailkatuarekin duen aldea handitzen saiatuko da.
Eusko Label ligari dagokionez, Hondarribiako XXXV. Bandera jokatuko dute larunbatean, 18:13ean. Igandean, aldiz, Getariako Ikurriña – 500. urteurrena saria jokatuko dute, 12:13ean. Donostiarra da ligako bigarren sailkatua, Hondarribiaren atzetik (108 eta 111 puntu, hurrenez hurren), eta Donostia Arraun Lagunaki Euskotren ligan gertatzen zaion moduan, emaitza on bat lortu beharko du hiru puntuko alde hori murrizten saiatzeko eta lidergoa lehiatzen jarraitzeko.
KAE 2 liga
Donostiarra B-ren trainerua ere lehiatuko da asteburuan, KAE 2 ligako zortzigarren eta bederatzigarren jardunaldietan. Ondarroan lehiatuko dira larunbatean, XXXVIII. Ondarroako Banderan, 11:00etan. Hirugarren tandan aterako da talde donostiarra, Lapurdirekin eta Hibaikarekin batera. Igandean, aldiz, Errenteriako Hiria IX. Ikurriña jokatuko dute, Errenteriako Oiartzun ibaian, 12:30ean.