Zurriolako hondartzan bukatuko da 'Olatu solidarioak' kanpaina
Aste honetan amaituko da Aldundiak antolatu duen ‘Olatu solidarioak’ kanpaina Zurriolako hondartzan. Azken asteetan Gipuzkoako bederatzi hondartza zeharkatu dira Volkswagen furgoneta batekin eta bira Donostian amaituko da. Kanpainaren helburua Elikagaien Bankuarekin eta Emausekin elkarlanean, Gipuzkoako hondartzetan pertsona ahulentzako elikagaiak biltzea da , eta baita ere hondartzetan sortzen diren hondakinak bereiztea eta gaika biltzea. Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak azaldu duenez, “uda honetan normaltasunera itzuli gara, eta, gure ustez, garrantzitsua da herritarrei zuzendutako hondartzetako sentsibilizazio kanpainak berreskuratzea, hondakin gutxiago sor daitezen eta sortutakoak gaika bereizi daitezen”. Jardueren artean, haurrentzako jokoak egongo dira, tailerren eta pegatinen bidez egingo direnak.
Diputatuak kanpainan parte hartzeko elkartasunerako deia egin du “momentu honetan gizarteko pertsonarik ahulenak errealitate konplexua bizitzen ari baitira egoera sozioekonomikoaren eta prezioen gorakadaren ondorioz”. Elikagaien Bankuak, batez ere, jendeak produktu hauek ematea eskatzen du: olioa, arrain kontserbak (atun latak, sardinak, etab.), arroza, pasta, dilista lehorra eta haurrentzako pixoihalak. Ingurumeneko departamentuak milioi eta erdi euro bideratu ditu ekitaldi honetan, kanpainaz gain, hondartzetako zerbitzu hauek ordaintzeko: garbiketak, biometria sarea, Nik Hondartzak aplikazioaren eguneraketa eta salbamendu zerbitzua.