Etxerat salbuespen politikaren aurka mobilizatu zen atzo Kontxako hondartzan
Etxerat-eko mobilizazioa Kontxako hondartzan. (Argazkia: Etxerat) Etxerat-ek salbuespen politikaren aurkako mobilizazioa antolatu zuen atzo Kontxako hondartzan. “41 euskal presok jarraitzen dute Espainiako kartzeletan eta 17 Frantziakoetan, Euskal Herritik kanpo”, azpimarratu dute presoen familien elkartetik. Nabarmendu dute orain presoen egoera “orokorrean hobea” dela, baina “Espainiako eta Frantziako estatuek espetxe salbuespenari eustea anakronikoa “dela adierazi dute eta ez dutela aintzat hartzen “euskal gizarteak herri honen etorkizunerantz aurrera egiteko hartu duen erabakia”. Etxerat-ek adierazi du Jakes Esnal, Ion Kepa Parot eta Unai Parot ezin direla “beste egun batez espetxean eduki duela 32 urte baino gehiagotik preso egon ondoren” eta azaldu dute “24 erbesteratuen eta 8 deportatu politikoen itzulera errazteko ordua” dela. Etxerat-ek gainera, gogoratu du “zuzenbidearen aurkakoa” dela 6 presok baino ez izatea irteera-baimenak, eta 151 presok hori egiteko aukera izan beharko luketela eskatzen dute. “Euskal gizarteari, eragile politikoei eta sozialei eskatzen diegu herri honen etorkizunaren aldeko apustua egiten jarraitzeko”, adierazi du Etxerat-ek eta amaitu dute esanez ezin dela “euskal gizartea kondenatu gatazkaren konponbidea eta bizikidetzaren eraikuntza mugarik gabe atzeratzera”.


