Larunbatean 'Bildu eta Mugi Eguna' antolatu du EH Bilduk

Donostiako EH Bilduk ‘Bildu eta Mugi Eguna’ antolatu du larunbat honetan, abuztuak 13, Okendo plazan Aste Nagusiaren hasiera baino lehen. Ekitaldia 13:00etan hasiko da luntx batekin eta erakusketaren irekierarekin. 14:00etan bazkaria izango da eta bazkalostean kantaldi herrikoia dago antolatuta. Bukatzeko, 17:00etan ekitaldi politikoa egongo da. Koalizio abertzalearen esanetan ‘Bildu eta Mugi Egunak’ “Bestelako Donostia bat, bestelako Euskal Herria, bestelako mundua eraiki nahi dutenentzako bilgunea izan nahi du: Donostia, Euskal Herri eta mundu justuagoa, askeagoa, feministagoa, ekologistagoa… eraikitzea amesten duten eta amets hori errealitate bihurtzeko borrokatu nahi duten guztientzako bilgunea” izan nahi du. Horregatik, aukeratu duten leloa ‘Amets guztiak, borroka guztiak, batera!’ da.
EH Bilduk egun hau antolatu du “neurrigabeko turistifikazioa salatzeko, etxebizitza eskubidea aldarrikatzeko, zerbitzu publikoak defendatzeko, hiri orekatu, iraunkor eta euskaldun bat eraikitzeko, metroa-pasantea eta antzeko zentzugabekeriei aurre egiteko, inor bazterrean ez uzteko eta beste hiri eredu bat sustatzeko”. Koalizio abertzaleak nabarmendu du ekitaldia jai giroan egingo dela “Aste Nagusiaren atarian” antolatu delako eta EH Bildun sinetsita daudelako “irribarre batez hobeto borrokatzen dela”. Bestalde, bazkarirako txartelak salgai daudela azaldu dute, Groseko Pandora, Parte Zaharreko Herria, Antiguako Platero eta Intxaurrondoko Zulo Zahar tabernetan. Txartelen prezioa 20 eurokoa izango da helduentzat eta 10 eurokoa ume, gazte eta langabetuentzat eta menu begetarianoaren eta zeliakoaren aukera egongo da.