"2019an bizitakoa baldintzatzailea izan da Aste Nagusi honetarako"
2019ko Aste Nagusian Donostiako Piratetako Zirgari talde feministak egindako lanaren ostean, 2022ko Aste Nagusi Piratera begira lan egin duen lantalde feminista zerotik aritu da lanean, baina aurretik egindako guztia ahaztu gabe. Besteak beste, lortu dute udalak baliabideak jartzea eraso matxistak pairatzen dituzten emakumeei lehen arreta profesionala emateko. Piraten jai gunean protokolo propioa ere garatu dute, eta Salaketa Eguna antolatu dute. Izar Hernando Ibero (Gros, 1995) eta Sara del Rio Loiarte (Intxaurrondo, 1996) Piratetako lantalde feministako kideak dira, eta egindako lanketaren, protokoloaren eta Aste Nagusiaz espero dutenaren berri eman digute.
Nolako lanketa egin duzue 2022ko Aste Nagusi Piratarako?
Sara del Rio Loiarte (S.R.L.): Piratak hasi zirenean Aste Nagusia prestatzen, ikusi genuen lantalde feminista bat sortu behar genuela, lanketa egiteko, protokoloa irudikatzeko, barne mailan ere lanketa egiteko eta denari buelta bat emateko. Lehenago, Zirgari eta beste talde feminista batzuk egon dira, baina aurten, bi urteko geldialdiaren ostean, beste bat sortu da. Beste lantaldeekin harremana izan du lantalde honek, baina guztiz berria da.
Izar Hernando Ibero (I.H.I.): Zerotik hasi da lantalde hau, baina ez soilik pandemiak eragindako etenaldiarengatik, baita 2019ko Aste Nagusiak, azken Aste Nagusi ‘normalak’, Piratetan irekita zegoen espazio feministan, Zirgarin, sortu zuen etenaldiarengatik. Aste Nagusi horrek kristoren kolpea suposatu zuen lantalde feminista horrentzako [eraso ugari salatu zituzten, eta Donostiako Piratek bertan behera utzi zuten euren egitaraua egun batez]. Nolabait, lekuko hori hartu dugu guk, eta 2019ak utzi zuen arrastotik eta hausnarketatik abiatu gara. 2019an bizitakoa baldintzatzailea izan da Aste Nagusi honetarako.
S.R.L.: Eta, gure hausnarketak beraiek planteatu zituzten bidetik garatu ditugu. Horregatik, adibidez, egin dugu lanketa berezia udalarekin, hor indar handia jarriz. Zeren, hausnarketa indartsuenetako bat zen ezin ginela gu egin hirian gertatzen ziren eraso guztiak artatzeko kargu. Izan ere, Piraten Puntu Moreak horrenbesteko erreferentzialtasuna lortu zuen uda horretan, gainezka egin zuela, hiri guztiko neskak joaten zirelako bertara eta hiri guztitik jasotzen zirelako deiak. Eta, uste dugu artatzen hori udalak bermatu behar duela. Hausnarketa horri tiraka, dena birformulatzen aritu gara.
Udalak aurrerapauso bat ematea lortu duzue.
S.R.L.: Kontua da orain arte udalak informazio puntu moduko bat jartzen zuela, prebentzio eta kontzientziazio lanerako. Guk uste dugu lan hori ere egin behar dela, baina erasoak gertatzen direnean ere artatze lan bat egon behar dela. Eta, zoritxarrez, badakigu festetan oraindik erasoak gertatzen direla, beraz, artatzea egin behar da.
I.H.I.: Are gehiago, hurrengo ikasturteetara begira, gure artean komentatu izan dugu Aste Nagusian prebentzio eta kontzientziazio lana ez dagoela sobran, baina hori intentsitate handiagoz egin beharko litzatekeela aurrez, Aste Nagusian indar gehienak artatzera bideratuz. Udalarekin momentuz ez gara sakontasun horretan sartu, Aste Nagusi hau salbatzera joan gara eta kito.
S.R.L.: Horretarako, harremanetan jarri ginen Berdintasun sailarekin. Pare bat bilera izan ditugu sailarekin eta saileko teknikariekin, eta zinegotziarekin [Ane Oiarbide (PSE-EE)] ere bildu gara. Hartu-eman horietatik atera zen Bulebarrean jarri duten informazio puntua ez dela soilik prebentziorako gune bat izango, artatzerako gune bat ere izango dela baizik. Guk Piratetan badugu gure protokolo propioa, eta saiatuko gara jai gune seguru eta feminista bat bermatzen, baina udalak beste rol aktiboago bat hartuko du artatze lanetan.
I.H.I.: Nahiz eta udalak jarritako baliabideak ez dituen gure eskakizunak asetzen. Udalarekin harremanetan jarri ginenean, gutun bat aurkeztu genien, 2019ko Aste Nagusiaren inguruan egiten genuen balorazioarekin, eta eskari zehatz batekin: hiri honek kristoren dimentsioa duen Aste Nagusi bat dauka, eta beraz, ez da posible arreta gunerik izatea, eta gune bakarrarekin ere ez da nahikoa. Donostiako hainbat gunetan banatutako erreferentziazko bizpahiru gune behar direla aipatu genien. Batekin hasi gara, ez dago gaizki, baina ez da nahikoa.
2019tik zetorren hausnarketa bikoitza zen: alde batetik, ez dela posible Piratak aritzea hiri guztiak duen behar bat asetzen, eta, bestetik, behar hori modu profesional batean ase behar dela. Gu oso jatorrak gara eta oso asmo onak ditugu, baina ez gara profesionalak.
Nolakoa izan da udalarekin izan duzuen harremana?
S.R.L.: Hitz egiteko prest egon dira. Betiere, mugak izan ditugu: baliabideak, prestutasuna… Guk beste eskema ideal bat daukagu buruan, eta udalak egindakoa aurrerapauso bat da, baina ez ditu behar guztiak asetzen. Piratetatik, elkarlan bat planteatu dugu gure lantalde feministaren eta Bulebarreko artatze gunearekin, egon daitekeen artatze behar guztirako eskas gelditu daitekeelako. Horregatik, espero dezagun norabide honetatik jarraitzea, eta hurrengo urteetara begira kanpaina handiagoak egitea eta profesional gehiago kontratatzea.
I.H.I.: Jarrera irekia izan dute, baina guk hasieratik genekien, adibidez, ez zutela diru partida handituko. Orduan, joko honetan sartu gara jakinda beste aldeak zer emango zuen, baina behintzat pauso bat eman zezatela lehenetsi dugu.
Zein da Donostiako Piraten protokolo propioa?
I.H.I.: Aurten, lehenengo aldiz, protokoloak hainbat lerro ditu. Orain arte jarri izan dugun Puntu Morea egongo da, baina Piraten Puntu Morearen ardura pixka bat mugatu dugu, nolabait, eta lehen arreta egingo dugu hor. Ondoren, atentzioa eta bestelakoak Bulebarrera bideratuko ditugu, beste bitarteko batzuen bidez. Horrez gain, arreta jarri nahi genuen gure jai gunean bertan, feministagoa edo erosoagoa izan dadin. Horregatik, txanda batzuk planteatu ditugu, baina ez dugu nahi txanda horiek segurtasun txanden moduan ulertzea. Hau da, zuri zure kuadrillarekin tokatzen zaizu txanda bat egitea, eta txanda hori datza parrandan egotean, baina jarrera aktibo batekin.
S.R.L.: Adi egotea, jai giro ona sustatzen. Eta, ikusten baldin bada edozein liskar, espazio okupatze edo Piratok gure jai gunean nahi ez dugu jarreraren bat, bertan aktiboki esku hartu behar da, gertatzen ari dena mozteko. Kuadrilletan planteatu ditugu txanda horiek, eta gure irizpideak zabaldu ditugu, zer nolako jai giroa nahi dugun, eta abar.
Bestalde, beste urte batzuetan egin dugun moduan, kide feministek besoko moreak eramango dituzte, nolabait konplizitatea bilatzeko eta erasoren bat gertatuko balitz erreferentziazko norbait izateko inguruan, abisuak pasatzeko edo kaleratzeren bat gauzatu behar bada babesa izateko.
Era berean, aurtengo berritasunetako bat da gizonak ere sartu direla txanda horiek egitera, lehenengo aldiz. Betiere, emakumeak izango dira lehen planoan egongo direnak, erabakiak hartuko dituztenak. Baina, ikusten genuen askotan protokoloen aplikazioa, kaleratzeak egitea eta tentsio uneak bizitzea emakumeengan delegatzen zirela, horrela egin izan dugulako, baina bazela garaia hori pixka bat irekitzeko eta ardura partekatzen hasteko. Izan ere, bazeuden ‘nik zer egin dezaket?’ galdetzen zuten gizonak, 2019ko Aste Nagusian gertatutakoak markatuta. Beraz, gizonak ere sartuko dira txandetan; kantitate askoz txikiagoan eta oso eginkizun markatuekin, baina jarrera aktiboa izatea eskatzen diegu.
I.H.I.: Ez bagenuen pauso hori ematen, ikusten genuen ardurak jarraituko zuela partekatua ez izaten. Proba bat da, ea nola ateratzen den, baina aldaketa bat egin behar genuen, zeren bestela sentsazioa da hau denon arazoa dela, baina funtsean, ez dela denona.
Horrez gain, ziztaden inguruko plan oso zehatz bat ere badaukagu. Jai gunean egongo garen hainbatek, ziztadaren bat gertatzen denean, modu jakin batera izango dugu horren berri, eta helburua da ziztada egin duena ahalik eta azkarren identifikatzen saiatzea. Ulertzen dugulako eraso horren atzean beste erasoetan baino anonimotasun eta azkartasun handiagoa dagoelako. Hala ere, ez dugu protokolo hau gehiegi zabaldu nahi izan, horren inguruko alarma eta beldurra gehiegi zabaldu zitekeelako.
S.R.L.: Kezkatzen gaituen gai bat da, baina beldurra ematen zigun hartzen ari den dimentsioak eta alarmismoak, eta horrek sortu ote dezakeen gure jai gunean emakumeek beldurra izatea, eta abar. Sustantziaren bat inokulatu edo ez, erasotzat hartzen dugu, eta ez dugu ziztadarik onartuko, baina honen aurrean barne protokolo bat izango dugu; batez ere, mozteko eta gertatzen ari dena identifikatzeko. Izan ere, ziztadek kezkatzen gaituzte, baina ez dugu nahi ziztadek gainontzeko eraso guztiak eklipsatzea, ulertzen dugulako beste eraso mota bat gehiago dela.
Erasoren bat gertatzen bada, zein izango da erantzuna?
I.H.I.: Horri ere buelta bat ematen saiatu gara. Ez dugu baztertzen unean uneko erantzunak ematea, zer eraso gertatzen diren, zenbat eraso gertatzen diren eta Donostian dagoen giroaren arabera. Baina, horrez gain, erasoen erantzunari egitarauan aurreikusitako momentu bat eman nahi genion, badakigulako erasoak gertatuko direla. Beste gauza bat da publikoki salatzea edo ez salatzea, baina badakigu erasoak gertatuko direla eta jaia denontzat berdinak ez direla. Horregatik, salaketari tarte bat eman nahi genion egitarauan, eta hori da bigarren larunbatean [abuztuak 20], 19:30ean egingo dugun mobilizazioa.
S.R.L.: Kaitik aterako da mobilizazioa, eta Piraten egitaraua gelditu egingo da une horretan, uste dugulako horrek lehentasuna duela. Horrez gain, astean zehar bestelako gertakariak badaude, joango gara unean uneko erabakiak hartzen, baina printzipioz salaketa momentu hori aurreikusten dugu. Kaitik hasiko da, eta manifestazio moduko batean mugituko gara Parte Zaharretik, baina Aste Nagusiaren arabera emango diogu forma zehatza.
I.H.I.: Ez genuen egunez egun gertatzen denari baldintzatuta egon nahi. Eta, azken urteotan mugimendu feministan dagoen hausnarketa bat da hori, agian eraso-salaketa eskema hori pixka bat agortzen ari dela. Ez dugu hori baztertzen, baina ez genuen soilik horretan gelditu nahi. Hori da, adibidez, udalak egingo duena; ez dago gaizki, baina salaketari beste espazio bat eman behar zitzaiola iruditzen zitzaigun.
S.R.L.: Piratak formula berriak asmatzera irekita gaude beti, eta, horregatik, 2019an egun bateko egitaraua bertan behera gelditu zen, adibidez.
Bestalde, erasoren bat gertatzen den uneari berari dagokionez, guk argi dugu ez dugula inolako erasorik onartuko eta ez dugula erasotzailerik nahi jai gunean. Beraz, ez dugu inolako zalantzarik izango esku hartzeak egiteko: erasotzailea kaleratu behar bada kaleratzeko, ongietorriak ez direla adierazteko eta bestelako neurriak hartzeko, gure jai giro feminista eta Piratok nahi dugun girokoa bermatzeko.
Nola bizi izan zenuten 2019ko Aste Nagusi hori?
I.H.I.: Gu garai hartan ez ginen zirgariak, eta orain lantaldean gauden gehienak zerotik hasi gara. Baina esan dugun moduan, hasieratik izan dugu harremana Zirgarikoekin, eta, gehien bat, gainezka egotearen sentsazioa izan zutela kontatzen dute. Bai egoerarengatik, baina baita pertsonalki gainezka sentitzearena ere; nolabait, ez zekitela momentuan nola erantzun horrenbeste suposatzen zuen behar kualitatibo eta kuantitatibo handi horri.
S.R.L.: Eta, gerora, Piratok Flamenkadak eta bestelako lanketak egin ditugunean, eragin handia izan du 2019ko Aste Nagusiko bizipenak. Horrek markatu du mugimendua bera.
I.H.I.: Piraten barruan hausnarketa eta pedagogia asko dago oraindik egiteke ikuspegi feministatik, baina orduko zirgariek beti aipatzen dute 2019ko gertakari haiekin, hain zela argia egoera, mugimenduak erabakiak aho batez hartu zituela. Eta, horregatik, behintzat mugimenduarengatik babestuta sentitu zirela. Ez horrenbeste, aldiz, udalarengandik: udalak ezkutatu egin zituen Piratek emandako datuak, Piraten Puntu Moreak salatu zituen erasoak soilik gure gunean gertatutako eraso gisa seinalatu zituen, eta abar.
S.R.L.: Garai hartako lantaldeko kideentzat, egin zuten lan guztiaren ondoren, udalaren jarrera hori kolpe handi bat izan zen. Eta, ez soilik hori, Piratek egitaraua bertan behera utzi zutenean, udalak bere egitarauarekin aurrera jarraitu zuen, eta oso tentsio momentuak bizi izan ziren, besteak beste, manifestazioak pasatzen zirenean udalaren egitarauaren barruan abian ziren jardueren guneetatik.
Bestalde, nik uste dut mugimenduak behar hori azaleratu duela, eta, hain zuzen ere, lantalde feministatik Piratei begirako formakuntza eta hausnarketa saio ireki bat planteatu dugu aurten. Oso pozik gaude bertan atera diren hausnarketekin.
Lantalde feministatik, nola ikusten duzue aurten Donostiako Piraten omendua Bilgune Feminista izatea?
S.R.L.: Nik uste dut lantalde guztia oso pozik dagoela aitortza honekin. Atzera begira hasi garenean, ikusi dugu Bilgune Feministako kideak beti egon direla Piratetan sortu diren lantalde feministetan, mugimenduaren barruan pedagogia egiten, kofradia feministaren sorreran [Sardiñerak], eta abar. Bilgunek indar handia jarri du beti jaian, plazerean, denontzako espazioak sortzean, birpentsatzean, eta abar. Eta, iruditzen zaigu Piratak ere ildo horretatik joan direla, gauzak birpentsatzen ari garela eta denontzako jaiak sortu nahi ditugula. Gainera, Piratak eta Bilgune urte berean sortu ziren. Horregatik, esango nuke ospakizun polita izango dela.