Illunbeko zezenketen antolatzaileek "ezkutatu nahi dituzten irudiak" plazaratu ditu Gipuzkoako Plataforma Antitaurinoak
Aste Nagusiko egitarau ofizialetik kanpo badaude ere, Donostiako Aste Nagusiko zezenketak itzuli dira Illunbera: larunbatean egin zuten lehena, igandean bigarrena eta gaur, hilaren 15ean, egingo dute azkena. Ohiko legez, larunbatean zezenketen aurkako manifestazio jendetsua egin zuten Gipuzkoako Plataforma Antitaurinokoek, baina harago joan dira oraingoan, eta Illunbeko zezenketetan gertatzen dena “filtrorik gabe dokumentatzea” erabaki dute, Linas Korta bideo kazetariarekin elkarlanean. Aipatzekoa da, gainera, zezen plaza ez dela betetzen ari zezenketak ikusteko; lehenengo egunean, esaterako, erdiraino baino ez zen bete, gutxi gorabehera. Plataformak zezenketen aurkako elkarretaratzea egingo du 17:00etan Illunben bertan, “zezenketa zaleak lotsarazteko”.
Plazaratu duten bideoan, zezenketetako hainbat une ikusten dira, zein baino zein odoltsuagoa. “Bideoan hainbat irudi odoltsu ageri dira, zezenketen antolatzaileek gehiegi haizatu nahi ez dituzten horietakoak. Izan ere, badakite irudi horiek gaur egungo herritar gehienen sentsibilitatetik oso-oso urruti daudela. Horregatik, beraien publizitatean ez dute horrelakorik erabiltzen, eta, trukean, surf taila bat jartzen dute, aurtengo kartelean jarri duten moduan, zezenketei itxura eguneratuagoa eta onargarriagoa emateko alferrikako ahaleginean. Eta, alferrikako ahalegina da horixe delako ‘festaren’ arazorik handiena: hain da beste garai bateko ikuskizun odoltsu eta ankerra, ezen ez baitago gaur egungo parametroen arabera birziklatzeko modurik”, azaldu dute antitaurinoek. Hasieran Youtuben argitaratu zuten bideoa, baina irudiak oso gogorrak direnez, Youtubek ezabatu egin du. Irudien gogortasunaz jakitun, ikusi nahi izanez gero, Vimeon dago ikusgai; hemen ikus dezakezue.
Era berean, zezenketekin amaitzeko, erakundeen konpromisoa eskatu dute: “Dagoeneko desagertuta egongo litzateke ikuskizuna, erakundeen aldetik laguntza zuzena edo zeharkakoa izango ez balu. Horra hor Donostiako Udalaren kasua, nahiz eta hor ere haizea norabidez aldatzen hasi dela ematen duen, iritzi publikoaren aurrean, behintzat”. “Hau erori egiten da. Bada, bultza egitea tokatzen da, behingoz eta behin betiko eror dadin”, gaineratu dute.