Illunbeko zezenketek ez dute arrakastarik izan
Zezenketak Illunbeko zezen plazara itzuli dira aurtengo Donostiako Aste Nagusian, pandemiaren etenaldiaren ostean, Chopera familiak antolatuta. Ordea, ez dute arrakasta handirik izan, gazteentzako sarrerak 5 euroan jarri badituzte ere. Naiz hedabideak argitaratutako informazioaren arabera, soilik astelehenean, azken zezenketa egunean (hilaren 13an, 14an eta 15ean egin dituzte aurten), jaso zuen Illunbek ikusle kopuru esanguratsu bat: plazaren hiru laurdenak bete ziren, gutxi gorabehera. Lehenengo bi egunetan, aldiz, ez zen plazaren erdia ere bete. Guztira, egun guztietan izan diren ikusleak batuta eta aintzat hartu gabe segur aski asko egun batean baino gehiagotan joango zirela, 15.000 ikusle izan dituzte.
Horrez gain, zezen plazak arazoak eman dituela jakinarazi du Naiz-ek. Izan ere, urtean zehar zezenketak ez diren beste hainbat jardueratarako erabiltzen denez, hondarra azken egunotan jarri behar izan dute, eta ez dionez asentatzeko denbora eman, zezenketetan zehar txukuntzen aritu behar izan dira. Horrez gain, sabaian matxura bat izan da, eta beraz, ezin izan dute eguraldiaren arabera ireki eta itxi.
Bestalde, nabarmentzekoa da zezenketek ehunka antitaurino izan dituztela aurrean aurten ere Donostian. Gipuzkoako Plataforma Antitaurinoak antolatuta, larunbatean manifestazio jendetsua egin zuten Bulebarretik abiatuta, eta aipatu plataformak zezenketen irudi gogorrak erakusten dituen salaketa bideo bat plazaratu zuen astelehenean, Linas Korta kazetariarekin elkarlanean.