Garmendia alkateordea "harrituta" eta kritiko agertu da Goiak tasa turistikoari buruz esandakoarekin
Eneko Goia alkatea hirian tasa turistikoa ezartzearen alde agertu da berriki Onda Vasca irrati katean eskaini duen elkarrizketa batean, eta iritzi hori berretsi zuen asteazkenean, hedabideon aurrean egindako adierazpenetan, gaiari buruz galdetuta: “2019an norabide horretan ari ginen lanean, baina pandemiarekin dena geldiarazi zen. Orain, normaltasunera itzultzen ari garela, gaia berrartu behar dela uste dut”, adierazi zuen. Horren aurrean, ordea, PSE-EE gobernukidea “harrituta” agertu da.
Udal taldeak plazaratu duen ohar batean, Marisol Garmendia PSE-EEko bozeramaile eta Donostiako bigarren alkateordeak alkatearen hitzak kritikatu ditu, hiriko mugikortasunaren arazoei erreferentzia eginez: “Orain, badirudi turismoa, lanpostu ugari sortzen dituena eta tokiko ekonomian eragin handia duena, Donostian zenbait erabaki egunero sortzen ari diren zirkulazioren kaosetik arreta aldentzeko aitzakia dela”.
Era berean, turismoak hiriarentzako garrantzia handia duela deritzo Garmendiak, are gehiago pandemiaren ostean, eta turismoa “deabrutzea” leporatu dio Goiari: “Bi urtez, errekorrak izan dituzte hiriko langabezia tasan, saltokiak itxi dituzte eta ondorio negatiboak eragin dituzte zerbitzu sektore osoan eta, ondorioz, sortzen dituen milaka lanpostuetan. Bisitarien kopurua hazten ari da uda honetan hiri guztietan, baita Donostiaren moduko hiri erakargarri batean ere. Badirudi turismoa deabrutzen dutenek nahiago dutela hiria berriro itxi. Ez dut uste egokia denik, tokiko ekonomia berreskuratzen hasi den honetan, turismoari begirada inkisitoriala ematea, Donostiako arazo iturri bakarra balitz bezala”.
Ildo beretik, Donostiako EAJren jarrera “obsesiotzat” jo du: “Donostiako EAJren obsesioa dirudi; izan ere, alderdi horrek gobernatzen duen Gipuzkoako beste udalerri batzuetan, baita beste lurralde batzuetakoetan ere, ez du hitz egin nahi ere hirian lo egitea erabakitzen duenari tasa larria ezartzeko aukerari buruz”. “Turismoa erregularizatu behar dela? Erabat ados nago. Kalitatezko turismo iraunkorraren alde egin behar dela? Horretan ari gara lanean. Guk uste dugu eskumenik ez dugun tasez harago, udal gisa, konpentsazioak bila daitezkeela jarduera jakin batzuen karbono aztarnagatik, hala nola turismoagatik”, gaineratu du.
Ez da udal gobernuko alderdien artean desadostasunak dauden lehenengo aldia, mugikortasun planarekin ere haserre agertu baitzen Garmendia ekainean: “Irtenbide adostuak eskatzen ditugu, ez arazo berriak sortzea”, esan zuen.