Piraten eta udalaren Aste Nagusiko jarduerak aurrera doaz
Alerta gorriarekin hasi da eguna eta Aste Nagusiko egitarauko zenbait jarduera kolokan egon dira euria dela eta, baina jarduera gehienak egin izango dira. Aste Nagusi Piratari dagokionez, Pirata Bihurrien egitaraua aurrera doa aldaketa batzuekin. Urgulleko igoera gidatua eta abordatze txikia bertan behera gelditu dira eta azkeneko honen ordez Sorpresa urtsua! izeneko jarduera bat programatu dute. Jaraneroen kofradiak berriz, Mojito lehiaketa, Dantza eta goza eta Zumba Lain jarduerak antolatu dituzte gaurko egunerako, eta Flamenka gunean direnez ez dute arazorik edukiko, karpa batean egingo direlako. Iñurri Elkarteak Trinitate plazan antolatuta duen Tabuen kutxatik oholtzara izeneko bertso saioak aurrera egingo du, han ere karpa bat egongo delako. Traganarruek oraingoz ez dute haien programazioaren aldaketaren berririk egin. Udaleko Aste Nagusiari dagokionez, oraingoz programazioak ez du aldaketa gehiegirik izan. Iragarri duten aldaketa bakarra Erraldoi eta Buruhandien Konpartsaren irteeraren ibilbidean dago. Konpartsa Amaratik eta Loiolako Erriberetatik egin behar zen, baina azkenean Antiguatik egingo da eta bihar, abuztuak 19, Amaratik eta Loiolako Erriberetatik egingo dira. Udalak gainontzeko aldaketarik balego sare sozialetan jarriko dutela adierazi dute.